Igande goizaldean ezbehar handia gertatu zen Donostiako Intxaurrondo auzoan: 54 urteko emakumezko bat eta haren 4 urteko biloba harrapatu zituen auto batek, eta hartutako kolpeen ondorioz, biak hil dira.
Donostiako Udaltzaingoak emandako azalpenen arabera, 01:07 aldera oinezkoentzako pasabide batetik errepidea zeharkatzen ari ziren Mercedes Sanchez Verdugo eta haren biloba Ibai Joseba Galdeano, Renault Megane auto batek harrapatu eta aurrean eraman zituenean. 25 bat metrotan kapotean eraman zituen autoak bi lagunak, eta gero lurrera erori ziren oso modu bortitzean. Kolpe handiak hartu zituzten, eta, ondorioz, emakumea lasterrera hil zen. Mutikoa, berriz, atzo arratsaldean, erietxean.
Zarategi pasealekuan gertatu zen istripua, 77. atarian pareko oinezkoentzeko igarobidean.
Autoaren gidariak bi oinezkoak ez zituela ikusi azaldu zien udaltzainei, besteak beste, euri jasa handia botatzen ari zelako. 25 bat metrotan aurrera egin arte ez zen ohartu kapotean zerbait zeramala. Alkoholemia kontrola egin zioten gidariari, baina negatibo eman zuen.
Intxaurrondo auzoko bizilagunek salatu dute oinezkoen igarobide hori auzoko puntu beltza dela; hau da, ez dagoela behar bezala adierazita, gidariek ez dutela behar adinako ikusgarritasunik oinezkoen lekua ikusteko, eta semaforoak falta direla. Azken urteetan beste lau lagun hil direla pare horretan autoek harrapatuta oroitarazi du Ipar Haizea auzo elkarteak. Hori guztia salatzeko, asteazkenean elkarretaratzea egingo dute Zarategi pasealekuan, 20:00etan.
Hildako amona-bilobak auzoko inauteri festetan ibili ondoren etxera zihoazen, hildako emakumearen senarrarekin eta beste biloba batekin batera.
Ezbeharra
Amona-bilobak hil dira Donostian, auto batek harrapatuta
54 urte zituen emakumezkoak eta 4 urte mutikoak. Igande goizaldean gertatu zen istripua, Intxaurrondo auzoan. Oinezkoen igarobide hori auzoko 'puntu beltza' dela diote bizilagunek, eta elkarretaratzea egingo dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu