Pastor
Darwin eta gu

Amona esklaboaren poza

2024ko martxoaren 23a
05:00
Entzun

Gero eta ezagunagoa dugu aitona-amona esklaboen sindromea. Gero eta entzunagoa. Gai korapilatsua da. Izan ere, kontu asko nahasten ditu: maitasuna; familia-lotura, harreman eta konpromisoak; norberaren interesak... Baita xantaia emozionala ere.

Anna Freixas idazle katalanak auziaren gordina azaldu du Jo, vella (Ni, zaharra) liburuan. Psikologoa da Freixas eta gerontologia feminista landu duten lehen profesionaletakoa. Hasteko, bereizketa garrantzitsua egiten du bere lanean. Haren ustez, desberdina da pertsona zaharra gizonezkoa izan edo emakumezkoa. Izan ere, andrearen kasuan ugalketaren balioak pisu handia du oraindik. Eta menopausia heltzen denean, bigarren mailan geratzeko arriskua du emakumeak.

Freixasen iritziz, batzuetan amonaren laguntza aitzakia da bikotearen barruan eginbeharrak modu justuago batez ez banatzeko edo kontziliaziorik ez eskatzeko. Amona esklaboak negoziazioa eta horrek ekar lezakeen gatazka baztertzen ditu: «Amonak umeen ardura izateak belaunaldi honek egin beharko lukeena galarazten du: bikotekidearekin eta enpresarekin negoziatzea». Era berean, jokaera hori oztopoa da amonak autonomoak izan daitezen. Adibideak jarri ditu Freixasek: «Gauza bat da umea asteazkenetan hartu, merienda eman eta piano eskoletara eramatea. Hori askatasuna izan daiteke. Beste gauza bat da egunero jaikitzea umea eskolara eramateko, gero handik jaso eta afaria prestatzea. Hori esklaboa izatea da. Emakume zahar esklabo batek ez du bizitza propiorik. Andrazkoak ugalketa eta zaintza tresnatzat jotzen dituen eredua erreproduzitzen da horrela». 

Amonak hain du barneratua bere rola, non ez baita familiaren esplotazioaz ohartzen. Pozik ari dela esan liteke. Itxuraz, behintzat.

Amonak. Antzinako amonak eta oraingoak. Hainbeste aldatu da gizartea haientzat? Emazte, ama eta etxekoandreak izan dira. Kanpoan behar egin badute, zama handiagoa izan dute etxean. Bitartean, senarra lanean. Ingeniaria, iturgina, irakaslea, igeltseroa. Edo mekanikaria, garajean Pirelli egutegia zuena zenbait bezero primitiboren begiak alaitzeko. Bezero gizonezkoak, noski. Eta orain, semeak ez ezik, alabak ere, seguruena bere burua feministatzat duenak, esplotatuko du ama, bere umeen amona, oharkabean bada ere: «Hain eskura dago ama eta hainbeste arazo saihets daitezke hari esker! Zertarako hasiko naiz orain Mikelekin eztabaidatzen? Asteburuan haserre egoteko, amak hori guztia gustura egiten duenean?».

Amonak hain du barneratua bere rola, non ez baita familiaren esplotazioaz ohartzen. Pozik ari dela esan liteke. Itxuraz, behintzat. Seme-alaben alde sakrifikatu ditu helduaroko urterik onenak. Eta zahartzaroan biloben ongizatea izango du gogoan, maitasunaren izenean dena egin behar baitu. «Adineko emakume esklabo gehienak auto-esklaboak dira», dio aditu katalanak. Familiaz kanpoko pertsona bati bai ordainduko zenioke egunero hiru orduz haurrekin zaintza-lanak egitearen truke. Amonari ez, ordea. Zergatik ez? Bilobak jagotea derrigorrezkoa bada, ordaindu egin behar dela uste du Anna Freixasek. Hori barneratzea zaila da, ordea. Eta Italian gertatutakoa azaldu du: «Alabari umeak zaintzeagatik ordaintzeko eskatu zion andre batek eta iskanbila ederra sortu zen. Ez zuten ulertzen zergatik zuen halako ausardia».

Kafetegian sartu da adineko emakumea. Ebakia eskatu eta komunera joan da. Bueltan aurpegiera jostalaria ekarri du. «Nondik atera duzu argazki hori?», galdetu dio zerbitzari brasildarrari, irribarretsu. Emakumeak hor barruan zer ikusi ote duen galdetu dio ondoko gizonak bere buruari. Jaiki eta andrazkoen komuneko atea ireki du. Horman, poster bat dago. Pirelli egutegi zaharraren bertsio maskulinoa izan liteke: gizon eder bat —modeloa? aktorea?—, gerritik gora biluzik, txokolate tableta agerian. Kanpoan mahai bat garbitzen ari da Daniele. Paulista da neska, Corinthians taldearen zalea, «osaba bezala». Emakumearen arrastorik ez dago. Akaso bilobaren bila joango zen amona. Esklabo. Esklabo eta pozik, hormako modelo, aktore edo dena delakoaren begirada lizun probokatzailea oraindik gogoan.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.