Juan Jose Ibarretxeren agintaldiko Industria sailburu Ana Agirre Miñao auziarekin lotu izanak sutan jarri du EAJ. Jeltzaleei edozein modutan eraso nahi izatea egotzi die salaketaren sustatzaileei, hau da, PPri eta PSE-EEri. Eusko Legebiltzarreko Ikerketa Batzordeko presidenteari Agirre akusatu duen idazkia baliogabetzeko eskatu dio, eta Legebiltzarreko presidenteari Agirreren eskubidea lehenesteko neurriak hartzeko.
Arabako Miñao industriagunean «kontratazio irregularrak» egin zirelakoan EAJko hainbat kargu ohiren aurka abiatutako auzian beste buruzagi jeltzale bat aipatu izanaren aurka gogor egin du EAJk. Eusko Legebiltzarreko Ikerketa Batzordeak Ana Agirre sailburu ohiaren izena txertatu zuen astearteko bileran, PSE-EEren eta PPren eskariz.
EAJk, Agirre Miñao auziko arduradun politikotzat «aurretiazko audientziarik gabe eta inolako frogarik gabe» jotzeko «saio guztiz inkisitoriala» dela adierazi du hedabideei oharra bidalita, eta «indar biziz arbuiatu» du hori. Salatu duenez, «ustez ikerketa egin den batzordean» ez da, orain arte, Agirreren izena aipatu ere egin, eta, PSE-EEk eta PPk «azken minutuan adostutako zuzenketan» egotzi dizkiote ardurak sailburu ohiari. Auzian iruzurrik egongo balitz ere, ardura ez litzatekeela Agirrerena, ohartarazi du EAJk.
«PP eta PSOEren jarduerak gogora ekartzen ditu zorionez iraganekoak diren epaiketa sumarisimoak, eta guztiz zikintzen du legebiltzarreko batzordearen izen ona», adierazi du. Areago, batzordea, EAJ eta «bere alderdikide batzuk politikoki lotsagarri uzteko» aitzakia gisa erabili dela dio. Agirrek sailburu zenean egindako lan «garden eta orbanik gabea» goratu du.
Ikerketa Batzordeko presidenteari mintzatu zaio ondoren. Agirreren izen onari «nahita kalte egin» nahi zaiola adierazi, eta «halako bidegabekeria eragozteko» eskatu dio: «Egingo ez balu, prozedura osoaren zentzugabekeria zikinean partaide izango litzateke».
«Ezin dena eskatzen ari da»
Juanjo Agirrezabala EAren legebiltzarkidea da Ikerketa Batzordeko presidentea, eta berehala erantzun dio eskaerari: «Erabat jokoz kanpokoa da EAJk eskatzea PSE-EEren eta PPren emendakin baten tramitazioa galarazi dezadala». Presidenteak Legebiltzarreko araudia jarraitu besterik ez duela egin azaldu du. Berak ez duela «taldeek onartu ditzaketen zuzenketei betoa jartzeko ahalmenik», eta EAJk badakiela «egin ezin den zerbait egitea» eskatzen ari dela. «Hori bada EAJk nahi duena, badaki zer egin behar duen», esan dio: «Batzordeetako presidenteei ahalmen hori emateko araudia aldatzeko ekimena bultzatu dezala».
Joseba Egibar EAJren legebiltzar taldeko bozeramaileak eta Maria Eugenia Arrizabalaga Ikerketa Batzordeko kideak, berriz, protesta aurkeztu dute Eusko Legebiltzarrean, instituzioko presidentearengana zuzenduta.
Agirreri defendatzeko aukerarik eman ez izana salatu dute, eta albistea filtratu eta publiko egin izana ere bai. «Parlamentua zuzendu behar duten oinarrizko irizpideen defentsa lehenetsi eta horren arabera jarduteko» eskatu dio presidenteari. Agirreren eskubideak defendatu, eta batzordeari horren berri emateko.
Ana Agirre 'Miñao auziarekin' lotu izana salatu du EAJk
Sailburu ohia ikertzeko PPk eta PSEk onartutako ebazpena baliogabetzeko eskatu dio EAJk Ikerketa Batzordeko buruari
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu