Egungo egoera ekonomikoa aintzat hartuta, "ez da proiektu faraonikoetarako garaia", azaldu du Ana Oregik Euskadi Irratian egin dioten elkarrizketan. Edonola ere, Eusko Jaurlaritzak AHTa egiteko diru sailei eutsiko diela iragarri du Oregik. Azaldu duenez, AHTa egiteko "Madrildik datorren dirua konprometituta dago", baina "bilera eskatu dugu Sustapen Ministerioarekin, eta horretaz hitz egingo dugu".
Donostia aldeko metroan eta Pasaiako kanpoko kaia egiteko egitasmoan jarri ditu zalantzak Oregik. Esan du bere helburua "Donostia alde osoa lotzea" dela baina ez dela metroaren moduko "proiektu faraonikoetarako garaia, momentu honetako krisia izugarria" delako.
Oregik erantsi du "herritarren beharrak" kontuan izan behar dituztela: "Denon artean pentsatu behar dugu zein den Donostia alderako garraiobide onena". Pasaiako kanpo portuari dagokionez, Oregik esan du "kontra" egon izan dela eta "orain" ez duela "iritzia aldatuko". Hala, azaldu du "barruko portua berritzea eta zaintzea eta han bizi direnen bizitza hobetzea" izango duela xede.
Araban gasa ustiatzeko jarri nahi duten fracking sistemari buruz galdetuta, Oregik esan du "ingurumen arauak errespetatuz" egin beharko dela baina "egungo teknikekin" hori ez dela posible.