Bizkaiko batzar nagusiak

Ana Otadui da Bizkaiko Batzar Nagusietako lehendakari berria

Alderdi guztiak egongo dira ordezkaturik mahaian, PP izan ezik. EAJ eta PSE-EEren arteko itunak ez du hutsik egin, eta EH Bilduk eta Ahal Dugu-k ere elkarri eman diote botoa. 

Ana Otadui, gaur, Bizkaiko Batzar Nagusietan. LUIS JAUREGIALTZO, ARGAZKI PRESS
gotzon hermosilla
2015eko ekainaren 16a
13:07
Entzun

Ana Otadui jeltzalea da Bizkaiko Batzar Nagusietako lehendakari berria, EAJren eta PSE-EEren batzarkideen botoei esker. Ana Madariaga ordezkatuko du Otaduik, Madariaga zeregin horretan hamabi urtez egon ostean. EAJko, EH Bilduko ordezkari batek, PSE-EEko batek eta Podemos Ahal Dugu-ko batek osatuko dute, Otaduirekin batera, Batzar Nagusietako mahaia. Beraz, alderdi guztiak ordezkatuta egongo dira mahaian, PP izan ezik.

Oraingoan, EAJren eta PSE-EEren arteko itunak ez du hutsik egin, baina, emaitzen arabera, ondoriozta daiteke EH Bilduk eta Ahal Dugu-k ere elkar laguntzea erabaki dutela. Bi lehendakariordeak aukeratzeko bozketan, PSE-EEko Begoña Gilek 30 boto izan ditu —EAJk 23 batzarkide ditu, eta PSE-EEk, 7—, eta EH Bilduko Joseba Gezuragak 17 —EH Bilduk 11 batzarkide ditu, eta Ahal Dugu-k, 6—. Biak aukeratuak izan dira.

Idazkariak hautatzeko bozketan, berriz, EH Bilduko batzarkideek Ahal Dugu-ko Elsa Pamparacuatrori eman diote botoa, EAJko Koldo Mediavillarekin batera aukeratua izan zedin. Bozketaren ostean, PSE-EEko Begoña Gilek argitu du beraiek ere boto bat eman diotela Ahal Dugu-ko ordezkariari «mahaiak Batzar Nagusietako osaeraren antza izan dezan».

Ezustekoa lehenengo bozketan gertatu da, lehendakaria osatzeko egindakoan, hain zuzen. EAJk eta PSE-EEk elkarrekin 30 batzarkide dituzten arren, 28 boto lortu ditu Otaduik, bi baliogabeak izan direlako. Batzarkideetako batek Nuria Otadui idatzi du, Ana Otadui idatzi beharrean, eta besteak ere EAJren hautagaiari abizena aldatu eta Ana Atadui idatzi du botopaperean. Hala ere, lortutako 28 boto horiek nahikoak izan dira Otadui hautatzeko.

Saioaren ostean, haserre agertu da PPko Javier Ruiz: «Zoritxarrez, alderdi guztiak mahaian ordezkatuak izateko aukera galdu da», esan du, eta horren erantzule egin ditu «erradikalen arteko ituna», alde batetik, eta «jesarlekuen itunekoak», bestetik.

EH Bilduko Joseba Gezuraga, aldiz, pozik agertu da mahaia «normaltasun demokratikoz» osatu delako, «duela lau urte ez bezala». Orduan, EAJko hiru kidek, PSE-EEko bik eta PPko batek osatu zuten mahaia, EH Bildu kanpoan utzita bigarren indar politikoa izan arren.

Hautatu ostean egindako hitzaldian, «ohorea, esker ona eta erantzukizuna» aipatu ditu Otaduik, eta Batzar Nagusien garrantzia nabarmendu du; «desadostasunik handiena» erakutsi du «uste dutenekin Batzar Nagusiok gaur-gaurkoz bikoiztasuna edo alferreko gastua direla». Esan duenez, agintaldi honetan lan egingo du erakundea ezagunagoa izan dadin Bizkaiko gizartean, «batez ere gazteen artean».

Batzar Nagusietako mahaia eratu ondoren, Bateraezintasun Batzordea ere osatu dute, eta bateraezintasunen gaia jorratzeko beste batzar baterako deialdia egin du lehendakariak, ekainaren 30erako. Horiek guztiak beharrezko pausoak dira ahaldun nagusi berria aukeratzeko batzarra egin ahal izateko.

Eusko Legebiltzarreko kide ere bazen Otadui, baina orain ardura hori utzi beharko du. EAJk iragarri du David Latxagak beteko duela Otaduik utzitako lekua.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.