Ez dago armarik, ez lehergailurik; zigortuetako inori ez diote leporatu ekintza armatutan parte hartzea, ezta erakunde armatuko kideen laguntzaile izatea ere; inori ez diote egotzi kale eraso jakin baten gaineko erantzukizunik. Prentsaurrekoak eman dituzte, kartelak jarri, txosnetan lan egin, mobilizazioak antolatu.Terrorismoa. Espetxera.
Harrigarria izaten jarraitzen du, eta beldurgarria, Espainiako epaile gutxi batzuek -bostetik hiru magistratuk, oraingoan- Euskal Herriko politikagintzan eragiteko zer ahalmen duten. Eta ahalmen hori nola erabiltzen duten. Bizi dugun esparru juridiko-politikoaren egiturazko arazoaren tamaina gordintasunez agertzen da horrelakoetan. EspainiakoPoliziarekin eta Guardia Zibilarekin elkarlanean, 23 gazte atxilotzeko lanean ari da orain Ertzaintza, Eusko Jaurlaritzaren menpeko polizi erakundea, atxilotuak Espainiako Espetxe Erakundearen esku uzteko, euskal erakundeen aginpidetik kanpo dauden kartzelatara eraman ditzaten, Euskal Herritik ehunka kilometroetara dauden presondegietan edukitzeko.
Ez dago erraza justiziaren independentzian sinesten. Bake prozesua zalantzan zegoela ematen zuenean Haika-Segi auziari buruzko erabakia atzeratzea erabaki zuen Auzitegi Gorenak -Alfredo Perez Rubalcaba Espainiako Barne ministroak Auzitegi Goreneko presidente Jose Francisco Hernandorekin bilera egin zuela filtratuzuen hedabideren batek- eta, orain, ETAren Barajasko atentatuaren ondorengo giro nabarmen gaiztotuan, 23 gazte espetxera eramango dituen erabakia hartu dute.
«Irmotasun demokratikoaren» eta «zuzenbidezko estatuaren tresnen» ordua dela ohartarazi zuen Jose Blanco PSOEko buruzagiak atentatuaren osteko egunetan, eta arlo judizialean erabaki gogorrak etor zitezkeela aurreratzera ere ailegatu zen, esate batera, Ramon Jauregi diputatu sozialista. Heldu da, bada, lehenengo erabakia. Espainiako Gobernuaren aginduetara dagoen fiskaltzak bultzatuta, gainera. PPren joerako epaileak nagusi diren auzitegiak eman du epaia, baina Gobernu sozialistaren irizpideei jarraitzen dion fiskalak eskatuta.
Ondorio latzenak zigortutako 23 gazteentzat dira, eta haien etxekoentzat, lagunentzat. Ondorioak ez dira, baina, hor bukatzen. Auzitegi Gorenaren epaia osotasunean oraindik plazaratu ez badute ere, dagoeneko jakina da orain arteko jurisprudentzia errotik aldatzenduela epai honek: talde armatuan parte hartu gabe edo lagundu gabe, ekintza armatuekin inolako zerikusirik izan gabe, aurrerantzean posible izango da «terrorismo delituagatik» zigortzea. 18/98, Batasuna, Askatasuna eta Udalbiltza auzietan eragin zuzen-zuzena izan dezake epai honek, baita Egunkaria auzian ere, fiskalaren artxibatze eskaerari muzin eginda zigor salak epaiketa egitea erabakiko balu.
Prozesu politikoari dagokionez, berriz, lehendik ataka zailean zegoena are ataka zailagoan jartzen du, nabarmen. Ondorioen edo erantzunen gurpil zoroaren arriskua ageri-agerian da. Baina konponbidea bultzatu nahi duen Milakabilaka ekimena aurkeztu zutenek argi adierazi zuten herenegun: «Kolpeari kolpeka erantzuteko dinamikak ez du inoiz ezer konpontzen».
ANALISIA. Armarik gabeko talde armatuak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu