ANALISIA. EUROPAKO KONSTITUZIOA

Alternatiba irekia eraikitzeko tenorea

ENEKO BIDEGAIN
2005eko maiatzaren 31
00:00
Entzun
Ezezkoak Ipar Euskal Herrian ez badu erdiaren hein hori gainditu ere, emaitza ikusgarria lortu du. Eta ez daiteke iazko hauteskundeen emaitzetatik bereizirik aztertu. Dudarik gabe, Ipar Euskal Herrian ere, ezkerraren ezezkoaren indarra agertu da. Iaz kantonamenduetako hauteskundeekin gertatu zen bezala, aurten ere ezkerraren eragina ikusi da. Iaz harridura sortu zuten ezkerraren emaitzek. Aurten, jarrera horrek irauten duela agertu da.

Baina orain zer? Ezkerra anitza da. Are anitzagoa Ipar Euskal Herrian. Ezkerraren berrosatzeko beharra ikusten du PCF alderdi komunistak. Elkarlanean jarraitzeko gogoa du LCR troskistak. Barne gatazka gogorra jasanik, zalantzaz beterik daude PSko kideak. Berdeen egoera ere nahiko nahasia da. Lau alderdi horiek nola eginen dute lan elkarrekin, batzuk Konstituzioaren alde agertu baziren? Elkartuko ote dira bertze itun baten negoziazioa inposatzeko? Hori ez dagokie Ipar Euskal Herriko alderdiei bakarrik. Frantziako aparatuek nola jokatzen duten, halatsu agertuko dira Ipar Euskal Herrikoak ere.Baina Euskal Herriaren berezitasuna beren egitasmoetan integratuko ote dute? PCF alderdi jakobinoak, abertzaleak nekez jasaten dituen LCR alderdiak eta PSko sektore jakobinoak onartuko ote dute beste itun baten negoziazioari begira, herri eta hizkuntza gutxituen onarmenaren alde ere borrokatzea?Ezezkoa nagusitzea ez da aski. Ezkerreko indarrek beren boza entzunarazi behar dute, eta batera lan egin, alternatiba bat inposatu nahi badute. Erronka zaila da, berez. Abertzaleentzat zailtasuna bikoitza da. Europarengan hozbera dauden sektore politikoak oraino hotzago daude hizkuntza gutxituei begira eta autodeterminazio eskubideari begira. Itun konstituzional horretan Euskal Herriarentzat txarra zena zuzentzeko bideak ez dira errazagoak izanen ezezkoaren aldeko kanpaina egin duten bidelagun ez abertzaleekin.Alta, Ipar Euskal Herria noizbait ezkerraren eskuetara pasatzekotan, Lasserre eta eskuineko gainerateko jaunttoei boterea kentzekotan, ezkerreko alderdi tradizionalek ez dute abertzaleekin tratua egitea beste aukerarik. Bi urteren buruan dira hauteskundeak Ipar Euskal Herrian. Udal hauteskundeak, kantonamenduetakoak, Frantziako LegebiltzarrerakoakÉ Ezezkoaren garaipen horren aitzakian, alternatiba bat eraikitzeko aukera baliatuz, bi urteko elkarlanak batzuen eta besteen izpirituen irekitzeko balio izan dezake, borondaterik baldin badago, bederen.Elkarlan horren fruituak ikusgarriak bihur daitezke. Iazko indar banaketa ikusiz, posible da Paueko Kontseilu Nagusia edota Baionako Herriko Etxea ezkerrera pasatzea. Ezkerreko sektore batzuek abertzaleen kontra daramaten borroka ideologikoak herri hau beti eskuinak gobernatzera kondenatzen du. Ea noizbait ulertzen duten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.