ASTEBETE. Ajerik ez

Pello Urzelai.
2004ko ekainaren 20a
00:00
Entzun
Europako hauteskundeetan alderdiek izan duten lehia nagusia ez da izan haien artekoa, abstentzioarekin baizik. Azkenean, emaitzak, gehienbat, hautesleak motibatzeko gaitasunaren araberakoak izan dira. Joan den martxoan (Espainiako Kongresurako zein Paueko Kontseilurako) izandako hauteskundeekin alderatzeak gaitasunaren maila marrazten du. Ikuspuntu horretatik, hautesleak motibatzeko arazo gehien Aralarrek eta EB-IUk izan dute. Martxoan lortutako botoen %70-78 galdu dituzte. Aralarren kasuan ulergarriagoa da, bakarrik eta bitarteko urriekin aurre egin diolako hauteskunde erronkari, europarlamentaririk lortzeko aukerarik gabe. Kanpaina sinboliko-ideologiko bat egiten saiatu zen, herritarren arreta bereganatu nahian, baina oso zaila zeukan hautesleek konbentzitzea Aralarren aukera baliagarria zela. Logika horren arabera, Europako Legebiltzarrekoetan emaitza txarrak izateak berez ez luke adierazi beharko hurrengoetan txarrak izango dituenik. Adibidez, beste hauteskunde batzuetan gehiengoak osatzeko orduan izan dezakeen pisua erakargarri suerta daiteke hautesle mota batentzat. Dena dela, bestelako zantzu negatiboak bildu ditu Aralarrek igandeko bozaldian. Batetik, Nafarroan EArekin duen lehian galtzaile suertatu da, nahiz eta Patxi Zabaleta aurkeztu zerrendaburu. Bestetik, ezker abertzalearen ordezkaritza bereganatzeko helburuan porrot egin du.

Martxotik ekainera EAJk botoetan izaniko jaitsiera garrantzitsua izan da (Araban %50, Bizkaian %38 eta Gipuzkoan %44). Hego Euskal Herriko parte-hartzearen bataz besteko jaitsiera (%40,3) baino pixka bat handiagoa. EAJk zailtasunak izan ditu hautesleen arreta harrapatzeko Europarekin lotutako mezuekin. Aulkia lortu dute, eta emaitza hauek ez diote arazorik sortuko. Bizkaian, Gipuzkoan eta EAEn nagusigo argia du.PP baino gehiago jaitsi da PSOE martxotik hona. Espainiako Gobernua galdu ondoren, errebantxa nahiak lagundu dio PPri. Dena den, bien arteko indar korrelazioa berdin gelditu da lurralde guztietan. PSE-EEk abantaila hartu dio PPri hurrengo lehiarako, eta PSNk eutsi ahal dio UPNren alternatiba izateko nahiari.Eusko Alkartasuna aurreko guztiak baino gutxiago jaitsi da (Araban %26, Bizkaian %26 eta Gipuzkoan %38). Txikia izanik, ongi eutsi dio abstentzioaren uholdeari, baina ez dio balio izan aulkia lortzeko. Baldintzak kontuan harturik, botoetan emaitzak ez dira txarrak, baina lortutako portzentaiak ahulak dira, eta ez dira bermea hurrengo hauteskunde erronketarako.Martxotik hona gutxien jaitsi den boto kopurua baliogabeena da. Guztiak ez, baina baliogabe gisa zenbatutako boto gehien-gehienak HZren aldekoak izan dira. Boto baliogabe teknikoa hauteskunde hauetan ia hutsala izan da. HZren aldeko boto horien motibazioa berezia izan da. HZrekiko begikotasuna adierazteaz gain, legez kanporatzearen kontrako protesta ozen bat izan da. Ipar Euskal Herrian lortutakoak (5.093) batuta, ia ehun eta hogei mila boto horiek oinarri sendoa ematen dute aurrera begira. Legez kanporatzearen kontrako antidotorik hoberena dira. Denek hartu dituzte kontuan, era batera edo bestera. Hori seinale ona da.Ipar Euskal Herrian lortutako emaitzek biribiltzen dute HZren apustua. Martxoko kantonamenduetako bozetatik ekainera denek galdu dute abstentzioaren alde. Baionako kantonamenduetan, adibidez, plataformek lortutako kopurua baino %10 gutxiago lortu du HZk. PSk, berriz, %29,5 gutxiago, eta Onestaren zerrendak %45 gutxiago (Berdeek, ABk eta EAk martxoan lortutakoa baino). Nafarroa Beherean eta Zuberoan emaitza hobeak eskuratu ditu HZk, bai kopuruan eta bai portzentaian. Oro har, abiapuntu on bat urrats berrietarako.ABk,EAJk, EAk eta Berdeek, bestalde, espero baino emaitza kaskarragoak bildu arren erdietsi egin dute Onesta eurodiputatu bilakatzeko helburua. Ez da gutxi Europako Parlamentuan hurbileko ahots bat izatea. ABk bide berriak jorratzeko apustua egin zuen, baina aliantzak ez du erakutsi etorkizunerako emankortasunik. Bien bitartean, nazio ikuspegiko apustuak harrera ona izan du. Aurrera begira, pentsatzeko unea izan daiteke desadostasunak gainditzeko eraz eta nazio eta tokiko ikuspegien arteko oreka berraztertzeaz.

botoak haratago. Hauteskunde lehiak hainbat ekimen geldiarazten ohi ditu. Hauteskundeek, ordea, ez dute arazorik konpontzen, biharamunean arazoek bere hartan jarraitzen dute. Hauteskunde batzuetatik irten eta hurrengoetan pentsatzen hasten denak arazoak konpontzeko borondate gutxi adierazten du. PSE-EEk, emaitzak jaso eta hiru egunera, Patxi Lopez lehendakarigaiaren aldeko kanpaina aurkeztu du, kartel eta guzti, datorren urteko hauteskunde autonomikoei begira. Alternatiba irudikatzeko saio goiztiarra da. Funtsean, ekimen horren atzean, bestelako eztabaidetan ÐmamizkoetanÐ sartzeko borondaterik eza ezkutatzen da. Dagoeneko kanpaina abiatuz, Estatutu Proposamenaren eztabaidan, adibidez, ekarpenik ez dutela egiteko asmorik adierazten ari dira PSE-EEkoak. Edo egitekotan ikuspuntu elektoraletik egingo dutela.

Hauteskunde bitarteko denbora ezin da hartu trantsizio gisa. Alderantziz baizik. Aukeraz betetako garaia izan daiteke. Orain arte landutako zenbait ekimenÐIbarretxe plana, Nazio Eztabaidagunearen proposamenak, Elkarri-k elkarrizketa mahaien alde aste honetan Iruñeko eta Gasteizko legebiltzarretan aurkeztutako sinadurak...Ð zehaztu beharrean daude. Uzta garaiak iritsi dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.