Pastor
Darwin eta gu

Azken tangoa Hendaian

2014ko maiatzaren 10a
00:00
Entzun
Gazte donostiarren bihotzak sabelera jaitsi eta hankarteak eztarrira igotzen ziren, Parisko apartamentuan Marlon Brandok eta Maria Schneiderrek bakartasuna sexuan itotzen zuten bitartean. Bertolucciren lana ikusteko, Hendaiako zinemara joaten ziren. Bidaia kulturalak, gurineztatutako ipurdiaren pasadizoa kontatzeko Donostiara bueltan. Askatasuna.

Bazen Hendaian café au lait edo Kronenbourg bat hartzen zuenik, etxera itzuli aurretik. Gazte batzuek dirua aldatzen zuten. Diru espainiarrak eta diru frantsesak alde bakoitzean indarrean zegoen sistema politikoaren ezaugarriak erakusten zizkieten. Espainia diktadura eta katolizismoaren gotorlekua zen: 1.000 pezetako billete berdeetan Errege-Erregina Katolikoak edo San Isidro azaltzen ziren. Frantzia, demokrazia, laikotasuna, kultura: 50 liberako billete koloretsuetan Racine zegoen; 100ekoetan, Corneille eta 500ekoetan, Pascal —urte batzuk geroago Serge Gainsbourgek telebista emanaldi batean zuzenean erreko zuen billete mota—. Tabernariek bueltak ematen zizkietenean, donostiarrek ez zuten diktadore buruhandia ikusten txanponetan, Marianne iraultzailearen bisai liraina baizik: liberté, egalité, fraternité.

Liberté. Horixe sentitzen zuen Ramon Jauregik Hendaiara joaten zenean. Asteazkenean aitortu zuen, Europako bozetako beste hautagaiekin eginiko mahai inguruan. Europa eredugarritzat jo zuen garai haietako Hendaia: «Gaztetan Hendaiara joaten nintzen zinea ikustera, askatasunean zegoen herrialde batera. Horixe da Europaren ideala».

Frankismoak eduki politiko edo sozialengatik debekatu edo zentsuratutako pelikulak ematen zituzten Hendaian: Buñuel, Pasolini, Chaplin, Kubrick ... Zine erotikoa ere debekatua zen Hegoaldean —Emmanuelle, Histoire d'O—, baita adulterioa agertzen zuten lanak ere, batzuetan modu barregarrian, Mogambo pelikulan bezala: Clark Gable biboteduna Grace Kelly geroagoko printzesarekin liatu zen. Kellyren senarra (Donald Sinden) neba bihurtu zuen zentsura frankistak adulterioaren moraltasunik eza estaltzeko, baina konponbidea okerragoa izan zen: senar-emazteak neba-arreba gisa aurkeztu zituen. Ikusleek ez zuten ulertzen zergatik ematen zioten ahoan musu elkarri ama eta aita berak zituzten emakumeak eta gizonak, zergatik egiten zuten lo elkarrekin. Lo, edo... Intzestua laudatzen ari zen frankismoa?

Jauregik Irundik haranzko Euskal Herrian —Frantzian, esango luke berak— zer garai alaiak bizi ziren azaldu nahi izan digu. Hango joie de vivre, bizipoza. Zuzen dago hautagai sozialista. Europa, la France halakoak ziren. Euskal Herria, ikuspegi nazionaletik, ez. Horrek ez du Jauregi kezkatzen eta ulergarria da. Euskal herritarra da baina, ororen gainetik, espainiarra. Zer dela-eta kezkatu beharko luke Lapurdin, Hendaia zoragarri hartan, Errepublikaren izenean abiarazitako asimilazio kulturalak, esaterako?

Ez da harritzekoa Jauregik egoera hori kontuan ez izatea. Deigarriena hauxe da: duela 40 urteko Europaz duen erreferentzia bakarra zinemara egindako ihesaldiak izatea. Behin aldarrikapenak egiten hasita, hobe luke PSOEko hautagaiak orduko Europako giza eskubideak gogora ekartzea, eskubide sozialak, osasun eta hezkuntza publikoaren balio eta oinarriak, sindikatuen presentzia sendoa administrazio kontseiluetan eta haien eragina negoziazio kolektiboetan… Ez zen paradisua izango, baina gogokoagoa dut Europako herritarrek lan baldintza on edo txukun samarretan bizimodu duina izateko soldatak irabazten zituzten garaiak aldarrikatzea, Sylvia Kristelen titi zuriak baino. Horixe da amestu genuen Europaren ideala, Jauregi jauna. Eskuinak Europa ideal hori suntsitu du zuen sozialdemokraten laguntzaz.

Europa. Azken tangoa Hendaian. Kanpainaren dantza hasi baino ez da egin. Herenegun EAJko hautagaia Lapurdiko herrira pasatu zen Hondarribitik. Les Variétés zinema aretoan ez zegoen Marlon Brando eta Maria Schneiderren arrastorik. Gerra osteko ongizate-gizartea desagertua da. Orduko bizipozaren adierazpen haragitsu sentsuala ere bai. Bye, Marlon! Au revoir, Maria!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.