Arartekoa. Urteko txostena. Analisia

Biktimak borrero

inaki petxarroman
2011ko martxoaren 30a
00:00
Entzun
Krisi ekonomikoa aitzakiatzat hartuta gizarte laguntzak gutxitzeko eta ongizate estatua ahultzeko agintariek hasitako gurutzadak dituen ondorioetako batzuk agerian utzi ditu EAEko Arartekoaren 2010eko txostenak. Iñigo Lamarcak adierazi du «alarmagarria» dela immigrazioa eta gizarte laguntzak edota etorkinak eta delinkuentzia eta era horretako kontzeptuak lotzea.

Administrazioa gutxitzen ari da gizarte laguntzetarako eta pobreziaren aurka aritzeko emandako diru laguntzak. Baina, krisiaren eraginez, beharrak lehen baino handiagoak dira. Ondorioa argia da: tarta txikiagoa da, eta mahai lagun gehiago daude. Hala, tartaren puska txikiak biltzeko nork bere indarrak baliatzen ditu, eta, egoera horretan ere, etorkinak dira ahulenak.

Ikuspegi EAEko Immigrazioaren Behatokiak iazko barometroan eman zituen emaitzen arabera, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako herritarren %69k uste dute etorkinek onura handiegiak lortzen dituztela gizarte babesetik. «Ehuneko hori duela bi urte baino ia bost puntu handiagoa da, eta 2007an baino zortzi puntu handiagoa», ohartarazi zuen.

Uste horrek ez du funtsik, ez dago oinarritua ikerketa zorrotzetan, Arartekoak berak azaldu duenez. Baina, ez du axola, herritarrek egiatzat dute eta. Inguruan egunero entzuten diren hainbat elkarrizketa nahikoa dira arazoaz jabetzeko: xenofobia eta bazterkeria gizarte ehunaren barreneraino dauzkagu sartuta.

Arazoa ez da, nonbait, gizartearen aberastasuna gaizki banatuta egotea. Arazoa da administrazioak behartsuenentzat ematen dituen diru apurrak gero eta gutxiago direla. Eta horrek, derrigorrez, gizarte tentsioa eta gatazka sortzen dituela, hain zuzen ere, sektore behartsuenen artean.

Gizartearen uste eta aurreiritziek agintarien politikak eta programak baldintzatzen dituzte, agerikoa denez. Europa osoan ultraeskuindarren indarra handitzen ari da, Frantziako azken hauteskundeak lekuko. Espainian hurrengo bozak irabazteko faborito den PP alderdia lotsarik gabe ari da mezu hau zabaltzen: «Espainiarrak lehenengo».

Berdin dio krisiaren ondorioak latzen pairatzen ari direnak—besteak beste, langabezia— etorkinak eurak izatea; inor gutxik nahi dituen eta guztiz beharrezkoak diren lanak betetzea —zaharrak zaintzea, esaterako—; edota bertakoenak baino soldata txikiagoko eta sarritan kontraturik gabeko lanetan aritzea… Gizartearen uste faltsuek elikatutako eslogan errazak politikarien bazka bilakatzen dira botoak lortzeko lehian. Eta iraganean gertatutakoen mamuak—1929ko krisia eta II. Mundu Gerra, esaterako— ez dira eskarmentu nahikoa nondik abiatu behar ez dugun argi edukitzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.