HILBERRIA. Maria Angeles Garai

Bizkaiko lehen andereñoa

EUSKO JAURLARITZA.
Erredakzioa
2022ko martxoaren 25a
00:00
Entzun
1936ko gerraren ostean Bizkaiko umeei lehen aldiz euskaraz irakatsi zien emakumea zendu zen atzo: Maria Angeles Garai, gerraosteko Bizkaiko lehen ikastolako lehenengo andereñoa.

Garai Bilbon jaio zen, 1930ean, familia euskaldun batean. Ikasketak egin eta pedagogian murgildu zen, eta orduantxe ezagutu zuen Xabier Peña, borondatez gazteei euskarazko eskolak ematen zizkiena, eta gerora Garairekin batera irakasle lanetan arituko zena. Peñarekin alfabetatu zen Garai, 1954an, eta lekukoa hartu eta bera hasi zen euskarazko klaseak ematen, emakume talde bati.

Garaik Elbira Zipitria eta Karmele Esnal ezagutu zituen Parisen, zeinak ordurako ikastolen sorreran baitzebiltzan. Modu klandestinoan joana zen Garai Parisera, 1956an, Garmendia abizena erabilita, Munduko Euskal Biltzarra zegoelako han.

Umeentzako euskarazko irakaskuntza garatzeko beharraz sinistuta, Zipitriak Donostian hasitako ikastolan egin zuen hilabete Garaik, eta eredu hura esportatu zuen Bilbora gero, Xabier Peñarekin, 1957an. San Nikolas elizaren lokal bat erabili zuten horretarako lehenik, eta hamahiru umerekin egin zituzten hastapenak. Hurrengo urtean ikasle gehiagok jo zuten haiengana, eta beste ikasgela bat sortu zuten.

Euskaraz irakasteagatik izandako arazoak tarteko, irakasle eta ikasleak San Nikolasetik bota zituzten , eta Iralaberriko Frantziskotarren komentuan segitu zuten eskolak ematen; baina erregimen frankistak jazarri egin zien, zenbaitzuk atxilotuta. Etxeetara mugitu zituzten klaseak, eta, errepresiotik ihes egiteko, lekuz aldatuz joan ziren. Ikastolak legeztatu ostean, Resurreccion Maria Azkue ikastolan amaitu zuen bere ibilbidea, ofizialki Euskal Herrian ireki zen aurreneko ikastolan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.