Maider Galardi
Espainiako Gorteetarako hauteskundeak. Analisia. ANALISIA

Ehunmiliak Ajurianera

2023ko uztailaren 25a
00:00
Entzun
Batzuei gustatu baino gehiago entzun ohi dira bozen kanpainetan —gizonezkoen— futbolarekin zerikusia duten metafora epikoak. Ikusi ditugu euskal alderdiak euskal txirrindulariak goratzen eta Frantziako Tourra baliatzen, erakusteko balentriak posible direla kirolean bezala politikan ere. Eta modako balentria epikorik bada Hego Euskal Herrian hauteskunde uda honekin bat egin duena, Ehunmiliak dira, eta barkatuko du irakurleak —eta Sumarrek, zeinak aldarrikatu baitu badaudela politika egiteko beste era ez hain belikoak—, baina pare-parean tokatu da Jakes Goikoetxeak BERRIAn orain dela bi aste idatzitako kronika. Lasterketa hau, ordea, egun eta erdikoa ez: lau urtekoa da gutxienez, eta azken urte honetan estutu egin dira aldeak.

Espainian, partida jakin bat jokatzen ari ziren: ultraeskuinari ateak ixtekoa, eta, antza, bozak aurreratuta, Pedro Sanchezek lortu du igoera etetea. Alarma dei horrek gurean ere izan du oihartzuna, jakina, eta sozialistak garaile izan dira herri honetako lau lurraldetatik bitan eta hiriburu denetan. Deigarria da, era berean, propio subiranistak ez diren ezkertiarren portaera, 2016an garaile izan baitzen Ahal Dugu, eta orain Sumarrek ordezkari bakarra lortu baitu. Posible da, joerek markatzen dutenagatik, EH Bildura boto aldaketa bat iritsi izana, baina litekeena da PSOEk bere egin izana boto horien kopuru esanguratsu bat.

Baina ez hori bakarrik. Euskal lurraldeei begira, ondorioztatu daiteke Espaniako eskuinak ez duela «sanchismoaren» beldurrez indarra errekuperatu, nahiz eta PPk Arabako eta Bizkaiko eserlekuak berreskuratu dituen. Eta Nafarroan UPNk ere badu zer pentsa, zazpi urtean lehen aldiz aurkeztu baita bere marka propioarekin bakarrik, eta ordezkari bakarra lortu du. Navarra Sumaren ondoren ezin iraulizko egoera batean dauden eta portaera politikoan aldaketak gertatzen ari diren seinale.

Edonola ere, Madrilen hil ala biziko lehia zegoen bezala, posible da hemen ere baten batzuentzat halakoa izatea lasterketa luze hau, abiapuntu posiblea 2020ko uztaileko Eusko Legebiltzarreko bozetan duena —edo, zergatik ez, agian lehenago, 2019ko azaroan EH Bilduk Sanchezekin akordioak egiteko prestasuna agertu eta pentsatu zuenean EAJri hegemonia kentzeko lehia Madrilen (ere) jokatu zitekeela eta lasterketa estua izan zitekeela —. Pandemia dela, Zaldibar dela, Osakidetza eta De Miguel dela... EAJk ozta-ozta lortu zuen ordezkariak mantentzea, eta EH Bildu, berriz, goranzko joeran hasi zen, gerora ikusi denez joera horretan segitzeko.

Lehen anoa gunea duela bi hilabeteko udal eta foru hauteskundeak izan ziren, eta talde subiranista indartuta atera zen. Legebiltzarreko bozak asko jota urtebete barru izango direla jakinda, bazekien indartsu heldu behar zuela Madrilera, helmugan aurre hartzeko aukera izango bazuen. Eta badirudi airoso iritsi dela, nahiz eta bidean ETAren mamuaren zama gainean izan, eta paradoxikoki EAJk ustiatu duen gehiago «Euskadiren ahotsa» izatearena. Bataren eta bestearen kanpainak ikusita, agerikoa izan da hegemoniaren lehia hori Madrilen eta Madrildik begira baliagarriak izatearen garrantzi horretan zentratu dela. Horrela ulertu daitezke azken orduetako zenbait titulu eta Andoni Ortuzarrek igandean esandakoa: «helburua beteta» zegoela talde propioa edukita. Gainera, EH Bilduk indartzen segitzen du Nafarroan, eta Geroa Bai, berriz, jada ez da talde esanguratsua.

Emaitza, beraz, lasterketaren puntu honetan, hau da: EH Bildu aurretik da, eta, gainera, Madrilgo bihurgunean indarra hartuta. Ikusteko dago orain zenbat gehiago eman dezakeen, zer bidelagun topatuko duen, eta ea mantendu dezakeen abiadura. Amaiurren garaiko emaitza berdindu baitu, baina badaki motelaldiak izan ditzakeela.

Arriskua ere badu Madrilera begira egoteak, batez ere Pedro Sanchezen gobernuak ez badie talde subiranisten eskaera nazionalei aparteko kasurik egiten, aurreko legealdian bezala. Horrek etorkizunean nolako egonezina sor dezakeen ezin da kalkulatu argi, baina badirudi prest daudela oraingoz arriskua hartzeko. Lasterketa estrategiak edo.

PSEren korrikaldia ikusteko dago. Edo, hobeto esanda, ikusteko dago bera babestera jo dutenek zein animatuko duten azken geldialdian, Ajuriaenera bidean.

Ikusteko dago, halaber, Sumarrek zer forma hartuko duen, lortuko duen lasterketa osasuntsu amaitzea, eta PPk eutsiko dien bere posizio historikoei. Agian, Vox heldu ere ez da egingo helmugara oraingoan.

Eta jeltzaleak? Bada, korrikaldian ezin jakin oraindik, baina botoetan... trabatu zaizkio ehun milak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.