enekoitz telleria sarriegi
ANALISIA

Erretra(ta)tuen mapa

2015eko irailaren 20a
00:00
Entzun
Bi astean egin du gaiak bidea. Erretratuen mapatik erretratatuen mapara. Bi astean egin du gozoak mikatzera. Bi astean leunak zakarrera. Asmo onekorik tartean ez balitz, asmo txarrez egindako jira dela pentsatzerainoko bira, inondik ere.

Altzoan hartu zituzten lehenengo 114 alkate. Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuan izan zen bilkura. «Tresna bat» eman zien bertan Jaurlaritzako Bakegintza eta Bizikidetzarako Idazkaritza Nagusiak: Euskal kasuan izandako bizitzeko eskubidearen aurkako urraketen argazkiak, herriz herri (1960-2010). 114 alkaterentzat 114 liburuxka. Jakin zezan alkate bakoitzak denbora tarte horretan indarkeriaren ondorioz herrian zein zituzten hildakoak; zein biktimak. Izan ETArenak, izan GALenak, BVErenak edo Poliziaren indarkeriarenak. Eta «gomendatuz» susta ditzatela udaletan memoriaren aldeko politikak, «eskuzabal» joka dezatela, eta antola ditzatela azaroaren 10ean —Memoriaren Egunean— biktimak «gogoan hartu eta omenduko» dituzten ekitaldiak. Eta egoteko lasai, egia dela zerrendetan biktimaren bat falta dela, baina «elkarlanean» zerrenda horiek osatzeko ez dagoela inolako arazorik.

Eta 114 liburuxka horien artean bat Otxandiokoa (Bizkaia). Hamabi orriko txostentxoa. Biktima bakarra han. Egiaztatze eta ikerketa lan handiagoa behar duten kasuen artean hura: Luzia Urigoitia Ajuria. Haren erretratua: «Data: 1987/07/23. Adina: 28 urte. Non jaioa: Otxandio (Bizkaia). Bizilekua: Trintxerpe (Pasaia, Gipuzkoa). Lanbidea, kargua, bestelakoak: Idazkaritza ikasi zuen. Baserrian laguntzen zuen. Haurrak zaintzen ibili zen. Bidezain jardun zuen Aldundirako. Brigadista joan zen Nikaraguara. ETAko militantea zela, Iparraldera alde egin zuen 1985ean. Egilea: Guardia Zibila. Heriotza-lekua: Guardia Zibilaren erasoa Trintxerpen bizi zen etxeari, ETAren kontrako polizia operazio bateratu batean, Donostian, Pasaian eta Hernanin. Prozedura: Su-armen tiroak, bi unetan botatakoak. Burua zeharkatu zion bala, azala ia ukituz bota zioten».

Eta liburuxka horien artean beste bat Donostiakoa. 150 orriko txostena. ETApmk, ETAmk, Komando Autonomoek eta ETAk bizitzeko eskubidearen aurka egindako urraketen atalean 107 biktima. Horietatik hiru Espainiako Estatuko espetxe funtzionarioak, ETAk hildakoak hirurak: Angel Jesus Mota (1990ean), Jose Ramon Dominguez (1993an) eta Francisco Javier Gomez Elosegi (1997an).

Liburuxkak hiru —Pasaiakoan ere ageri baita Urigoitia—, biktimak lau, eta haiek «gogoan hartu eta omentzeko» ekitaldiak bi. Uztailaren 25ean Otxandion Luzia Urigoitiaren alde egindakoa bata, eta irailaren 15ean Donostiako Martutenen Angel Jesus Mota, Jose Ramon Dominguez eta Francisco Javier Gomez Elosegiren alde egindakoa bestea.

Martuteneko omenaldia baino ordu batzuk lehenago Otxandioko omenaldian parte hartzeagatik «terrorismoa goretsi» zutelakoan lau atxilotu Guardia Zibilak.Luzia Urigoitiaren erretratura doa bueltan begirada: «Egilea: Guardia Zibila. Heriotza-lekua: Guardia Zibilaren erasoa Trintxerpen bizi zen etxeari, ETAren kontrako polizia operazio bateratu batean, Donostian, Pasaian eta Hernanin. Prozedura: Su-armen tiroak, bi unetan botatakoak. Burua zeharkatu zion bala, azala ia ukituz bota zioten». Josu Erkoreka Jaurlaritzako bozeramaileak atxiloketei buruz esana: «Eusko Jaurlaritzak ez du polizia operazio honen inguruko informaziorik, eta xehetasunen zain dago, baina suposatzen dugu atxiloketak funtsarekin, arrazoiekin egin dituztela». Jorge Fernandez Diaz Espainiako Barne ministroak Martuteneko omenaldian bertan esana: «Operazioaren xedea da terrorista baten goraipatzea eta, beraz, biktimen umiliatze delitua ustez egin duten lau pertsona Justiziaren esku jartzea». Jonan Fernandez Bake eta Bizikidetzarako idazkariak hurrengo egunean esana: «Erabat ezberdina da indarkeriaren biktima baten sufrimendu bidegabea gogoratu eta errekonozitzea eta pertsona batek indarkerian egindako militantzia omentzea». Urkulluk herenegun esana: «Etorkizuna ez da eraikiko gertatutakoa argitu eta kritikatu gabe eta biktimei egindako kaltea aitortu gabe». Hori, erretra(ta)tuen mapa.

Irailak 11. ETAren, Poliziaren eta GALen 15 biktimak Eraikiz dokumentua aurkeztu zuten Bilbon. «Gure apustua argia da: bizikidetza posible da». Urte eta erdiko elkarrizketen eta elkarrenganako hurbiltzeen emaitza hartuta joan dira Eusko Legebiltzarrera joan den asteazkenean. Esan diete han bildutakoei «saminak» batu dituela, «konfiantza sarea» osatu dutela, eta talde «plurala» direla, bizikidetzari ekarpen «eraikitzailea» egin nahi diotela. Eta eskatu diete alderdiei «hitzetatik ekintzetara» pasatu eta haiek izatea Memoriaren Egunean biktima guztiak«salbuespenik gabe» omendu ditzatenak. «Aukera aparta duzue batasuna erakusteko, biktimak gaur erakusten ari garen bezala».

Erantzun batzuk. PP: «Hil izana gaizki dagoela esatea ezinbesteko baldintza da beste pauso batzuk emateko». PSE-EE: «Biktima guztiek merezi dute aitortza, baina parekotasunik egin gabe». EH Bildu: «Diagnosiarekin asmatu duzue, baina testuaren formulazio zabalak interpretaziorako aukera ematen du, eta sentsibilitate politiko baten aurkako arma jaurtitzaile gisa erabil daiteke». EAJ: «Eskertzen dizuegu politikarioi kargu hartu izana». Hori, erretra(ta)tuen mapa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.