Darwin eta gu

Ertzaintza Vienan

Pastor
2011ko martxoaren 5a
00:00
Entzun
Igande arratsaldea. Telebistan Das Teufelsweib (Deabruaren emakumea) polizia film alemaniarra, espainolez El precio de la ambiciónizendatu dutena. Ikerketa hasi eta, halako batean, telefonoak jo du: protagonistetako batek hartu eta ahotsa heldu zaio beste aldetik: «Guardia Zibila naiz».

Zertan ari da Guardia Zibila film alemaniar batean? Filmaren erreferentzien bila hasi naiz ordenagailuan. Pelikula 2000. urtekoa da. Aktoreak nahikoa ezagunak dira Alemanian: Iris Berben eta Thure Riefenstein. Istorioa ez da, ba, Balear Uharteetan edo Kanarietan girotuko? Arretatsu irakurri dut laburpena, eta baldintza hori ere ez da betetzen pikoloen presentzia justifikatzeko. Sinopsiak hauxe dio: hilketa bat Kanadako barrualdean (…) bizitza aseguruaren bost milioi marko eta etorkizun zoragarria Learentzat (Iris Berben) eta haren amorante gaztearentzat. Alemaniarrak, Kanadako oihanak… eta guardia zibilak. Hain zaila zen Polizei polizia itzultzea? Edo Kanadako Zaldi gaineko Polizia ari da delitua ikertzen eta itzultzaile espainiarrek landa eremuko jaka gorridunak kapa berdedunekin parekatu nahi izan dituzte? Rubalcabak Guardia Zibilaren irudia nazioartekotzeko kanpaina egin nahi du itzulpen libre horren bidez?

John Galliano diseinatzailea hizpide izan da aste honetan. Mozkor-mozkor eginda, ez du poliziarik iraindu, ez espainiarrik ez alemaniarrik ez kanadarrik. Juduak iraindu ditu, eta Dior moda enpresa ezagunak, Louis Vuitton eta Moet Hennessy taldearena denak, kontratua eten dio. Albisteak sortutako erreakzioen artean duela urte batzuk Jaime Maritxalarrek egin zuena gogoratu dute, artean Espainiako erregearen suhia zenean. New York Magazine aldizkarian argitaratu zuten kontua. Festa batean Maritxalar jatorri kubatarreko artista bati hurbildu zaio eta jende aurreko agerraldian Fidel Castro kritikatu ez izana leporatu dio. Euskal jatorriko gure dukea oihuka hasi zaio, Castro «an assassin» eta «un maricón» —hitza espainolez idatzita dago aldizkarian— dela esanez.

Ez dakit Maritxalar nola zegoen halakoak bota zituenean, mozkor eginda edo sudurretik ihes eginda. Harentzat erraza da Fidel Castrori maricón deitzea. Edo hiltzailea, jakin arren hiltzailerik bilatu nahi izanez gero ez duela Kubaraino joan behar, askoz hurbilago aurkituko duela bat baino gehiago. Batek daki gorrotoa nondik datorkion: Fidelek familiaren etxaldeak desjabetu ote zituen ala ezezkoa eman ote zion gure dukeari Habanako El Gato Tuerto-n proposizio lizuna egin zionean. Berdin dio. Maritxalarrek homosexualak iraindu zituen eta Vuitton taldeko kontseilaria izaten segitzen du.

Marikoi hitza homosexualak iraintzeko erabiltzeak ez du garrantzirik Vuittonentzat. Alegia, judu batek homosexual batek baino gehiago balio du. Beraien sexu orientazioagatik diskriminatu, iraindu, mespretxatu eta munduko zenbait lekutan oraindik ere hiltzen dituzten lagunek ez dute errespeturik merezi, antza. Homosexuala bazara, ez zara ezer. Homosexuala eta judua bazina, beharbada bai, betiere inork zure judutasuna irainduko balu, ez zure homosexualitatea.

Gaur larunbata da eta Rex telesaila ikusiko dut telebistan. Polizia txakurren abenturak dibertigarriak dira, fikzioan behintzat, eta ezustekoak ematen dituzte. Badaezpada, adi egongo naiz Vienako inspektoreak telefonoa hartu eta «Ertzaintza naiz» erantzuten ote duen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.