Gizarteak konpondu ezin dituen arazoak hezkuntza sistemaren esku uzten dituela eta gizarteak irakasleei presio handiegia egiten diela salatu zuen Roberto Rey Madrilgo hezkuntza adituak Ikastolen Elkarteak gonbidatuta Euskal Herrira egindako bisitan. Uste hori irakasle askorena da. «Bullying kasuak saihesteko prestatu behar gara; teknologia berrietarako, elikadura ikastaroak egin behar ditugu, anorexia eta bulimia kasuak antzemateko...», agertzen zuen asteon irakasle batek. Eta euskararen kasuan beste horrenbeste gertatzen da. Xabier Mendiguren Kontseiluko idazkari nagusiak eman zuen gakoa: eskolari exijitu behar zaio, baina gizarteak lagundu behar du, eta lan munduak euskara erabiltzen eta exijitzen ez duen bitartean, jai daukagu.
Horren adibide garbia eman digu Jaione Zabala Barakaldoko (Bizkaia) Alkartu ikastetxeko irakasleak. Neska-mutikoek euskara ikasteko interes apur bat galdu dutela igarri du. Zergatik? Barakaldoko gizartean barneratzeko euskara beharrezkoa ez delako. Eta Barakaldon gertatzen dena Euskal Herriko beste herri eta hiri askotan gertatzen da. Azkenean, haurrek erdi behartuta ikasten dute euskara, lan egiteko beharrezkoa izango denaren ustea barneratuta dutelako guraso askok. Eta baita irakasleek ere. Euskara ikasi ezean, ez dute lanik egingo. Baina non dago euskararekiko konpromisoa eta maitasuna? Nola ikasiko dute euskara kalean erabiltzeko ia aukerarik ez badute?Lagun euskaldun berri batek esana da, gaur Euskal Herrira helduko balitz eta 30 urte balitu ez lukeela euskara ikasiko, horren premiarik ez lukeelako ikusiko. Beraz, euskaldunoi dagokigu eta agintari politikoei, jakina euskara erabiltzea ez dakitenentzat jakitea premia izateko eta erakargarri bihurtzea.Euskadiko Autonomia Erkidegoko (EAE) hezkuntza sisteman arduratuta daude umeek duten euskararen ezagutzarekin, eta zenbait neurri proposatzekotan omen dira. Lontxo Oihartzabal EAEko Eskola Kontseiluko presidenteak aurreratu zuen Berrian nondik nora joan daitezkeen aldaketa horiek: lehenengo, 16 urte dituztenerako umeek euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez gutxienez jakin behar dutela zehaztuko du Jaurlaritzak, baina gero, ikastetxe bakoitzak bere hizkuntza plana egin beharko du, Hezkuntza Sailak jarritako gutxienekoetara heltzeko. Hala, gaindituta egongo litzateke hezkuntzako hizkuntz ereduen gaia. Baina eredu sistema bat egon edo bestea egon A eta zenbait B ereduk ez dutela euskalduntzen argi izan arren, gizarteak berak ez badu eragiten ez dira helburuak beteko.
ANALISIA. HIZKUNTZ EREDUAK.
Eskolatik haratago doan arazoa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu