inaki petxarroman
Etxe kaleratzeak. Analisia

Espekulazioaren leihotik behera

2012ko azaroaren 10a
00:00
Entzun
Amaia Egaña egunero Hego Euskal Herrian etxerik gabe uzten ari diren bederatzi lagun horietako bat zen. Inor gutxi ohartuko zen bere dramaz, bere ezinaz, etxetik kaleratua izan aurretik bere burua leihotik bota ez balu.

Bere buruaz beste egin izanak zurrunbilo handia eragin du. Arduradun politikoen erreakzio ugari izan da, epaileek Espainiako Hipotekak Betearazteko Legea aldatzeko eskatu dute, eta Espainiako Gobernuak presazko bilera egin du, gaiaren gainean lanean ari den itxura emateko. Bankuen sektorea bakarrik dago isilik, eta isiltasun horrek munduko hitz guztiek baino esanahi handiagoa dauka.

Egaña leihotik salto egitera behartu duen legea 1909koa da. Europako Justizia Auzitegiko abokatu nagusiak berak ohartarazi du, zaharkitua egoteaz gain, Europaren irizpideen aurka doala, bezeroak banketxeen menpe uzten dituelako, baita gehiegikeriaz jokatzen dutenean ere.

Herritar andana muga-mugan jartzen ari da lege hori. Eta orain aztoratu diren agintari politikoek dagoeneko ezin dute besoak gurutzatuta geratu eskandaluaren konplize diren itxura eman gabe. Baina egoera hau ez da bat-batean iritsi, eta komeni da hainbat kontu aintzat hartzea. Lehenengo eta behin: merkatua. Etxebizitzaren, eta oro har, eraikuntzaren sektoreak sekulako irabaziak izan ditu azken urteotan, espekulazioaren globoa bat-baten lehertu den arte. Globo horretaz elikatu dira hiru sektore hauek bereziki: eraikuntza enpresak, banketxeak eta kudeatzaile publikoak.

Hego Euskal Herrian hutsaren hurrengoa da, kasik, alokairuko etxebizitzen merkatua. Esate baterako, etxebizitzen %7-10 inguru daude alokairuan,Suitzan (%56), Alemanian (%47), Frantzian (%40) eta Erresuma Batuan (%30) baino askoz ere gutxiago.

Etxebizitza erosteko ohitura dagoela esan ohi da, baina ohiturak sortu egiten dira —norbaitek sortzen ditu— eta guztiok biziarazten —eta pairatzen— ditugu. Espekulazioaren atzean dagoen interes ezkontza horren ondorioz, duela urte gutxi bankuek mailegu ugari eman zituzten etxebizitzak erosteko, baita etorkizunean zorra ordaintzeko zailtasun handiak eduki zitzaketen herritarrei ere. Eta, orain, langabeziaren eta krisiaren mamuak espero gabeko itzala hartu duenean, dardaraka jartzeko moduko dramak gertatzen ari dira.

Esate baterako: Egaña lanean ari zen eta baita bere senarra ere. Beraz, ez ziren langabeziaren edo bazterketa gorriaren biktima, itxura batean behintzat. Baina ezin izan diote maileguaren gehiegizko zamari aurre egin. Etxe kaleratzeen aurkako mugimendu sendoa ari da sortzen, baina ez litzateke bistatik galdu behar sakoneko arazoa beste hau dela: oinarrizko giza eskubidea izanik, etxebizitza duin bat izatea ezin dela merkatuaren interesen menpe utzi. Bestela, atzokoaren antzeko egoera gordinak gertatuko dira berriz, ahaztu gabe, jakina, gaur beste bederatzi lagun utziko dituztela banketxeek kale gorrian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.