ANALISIA. IMMIGRAZIOA

Euskal Herrianlan eta bizi

Iñigo Bilbao Sagastiberri.
2005eko maiatzaren 11
00:00
Entzun
Amaitu da azkenik agintarien baimen barik gurean bizi ziren milaka langileen egoera legeztatzeko egon den azken ez ohiko prozedura. Azkena, ez delako lehenengoa izan; eta ez ohiko, Atzerritartasun Legearen arabera badirelako ohikoak bezain murriztaileak diren bestelako prozedurak. Gurean agintzen dutenak benetan agintzen dutenek, esan nahi dut pozik ageri zaizkigu egunotan. Pozik hilabete barru eskaria egin duten guztiak Gizarte Segurantzan kotizatzen hasten direnean, dirutza galanta eskuratuko dutelako agintaldiarekin aurrea egiteko. Agintzen dutenei obeditu behar izaten dietenak baina, arduratuta eta beldurtuta ageri zaizkigu. Ez da harritzekoa.

Gobernuaren ekimenak jatorri askotariko milaka euskal herritarren egoera legeztatzeko balioko du. Dudarik ez horretan. Izan du gainera aipatu beharreko beste bertute bat: agerian utzi ditu herri honek bai, Euskal Herriak bere barruan dituen miseriak. Den denak ez, seguru. Batzuk bai: langileak ugazaben atzaparretan utzi dituela esan digute gizarte eragileek. Beharginei eurei entzun diegu euretariko batzuk kale gorrian utzi dituztela ugazabarekin zuten lan harremana legeztatzeko kontratu eske joan direnean; edo euretariko batzuk kontratua egin diezaieten lortu dutela Gizarte Segurantza euren poltsikotik ordainduko dutelako.Pentsatu al dugu inoiz nortzuk diren ugazaba horiek? Konfesbask elkarteko enpresetan izango da baten bat. Beharbada, bai. Baina horietan sindikatuak barru-barruraino sartuta daudenez, zailagoa daukate. Ez. Datuak esanguratsuak dira: baimenik gabe, kontraturik gabe lanean dabiltzan gehienak etxeko lanetan, edo eraikuntzan, enpresa txikietan, edo nekazaritzan, edo ostalaritzan dabiltza. Alegia: amama jagon dezan izeba Juanik hartu duen emakume kolonbiarra da; tabernara bezero gutxiago sartu arren, etekinei eusteko Joxemielen anaiak sartu duen zerbitzari boliviarra; eta uzta bildu diezaioten Pedrok mahastietara eramandako errumaniarrak. Ahaztu barik neskamerik edo morroirik gabe jada bizitzerik ez daukaten hainbat bikote handiusteko, jakina. Ekimenak erakutsi digu, bestetik, etorkinak geurean daudela, geure auzo eta herrietan. Espainiatik edo Europako Batasuneko gainerako herrialdeetatik etorritakoek ez dute egoteko trabarik. Besteek, zaila daukate. Legez ezer ez badira ere, izatez herritarrak dira. Hori gogoan hartzen ez dugun bitartean, okerretik goaz. Gizarte eragileek atzo egindako agerraldian ziotenez, etorritako gehienak (%60 inguru) geratzeko etorri dira, biharko euskal herritarrak izateko asmoz. Ez datoz lan egitera bakarrik. Gurean ikasi egin nahi dute, gurean hitz egin, gurean dantzatu, maitatu, borrokatu eta otoiz egin. Bizitzera datoz.Horrek esan nahi du herri honetan edozer egiteko kontutan hartu beharko direla. Ekonomian, noski. Baita Osakidetzan edo Osasunbidean ere. Eta hezkuntzan, A, B, D edo X ereduaren gainekoak zehazten direnean. Eta jaietan, agintariek Begoñako Andra Mariri, eta bakarrik berari, men egin eta loreak eskaintzen dizkiotenean. Eta Helduen Eskola Iraunkorretan, doan gaztelania bakarrik eskaintzen dutenak. Eta... Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak eta Udalbiltzak benetan izan nahi badu zerbait egin beharko dute Espainiarentzat ikusezinak direnak argitara ekartzeko. Argitara, ez sosaren distirara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.