Eneko Bidegain.
Frantziako Legebiltzarrerako hauteskundeak. Lehen itzulia. ANALISIA

Euskal notak, frantses partituran

2017ko ekainaren 11
00:00
Entzun
Frantziako legebiltzarra osatzera deituak dira, gaur, Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoko bozemaileak. Hauteskunde horiek, egia erran, Frantziako presidente bozen jarraipena dira. Hala izaten dira beti, bost aste geroago antolatzen dituztelako, eta helburua izaten delako presidente hautatu berriak gehiengoa lortzea diputatuen ganberan. Presidentearen kontrakoek, aldiz, espero izaten dute gehiengo alternatiboa lortzea eta estatuburua politikoki ahultzea.

Eta oraingo hauteskunde hauek ere ardatz horren inguruan iragan dira, Emmanuel Macronen parametro berriarekin. Nehor —nehor— ez da libratu Frantziako agenda politikoaren soinura hitz egitetik. Frantziako erronka politikoak dira gai zentralak. Alabaina, Frantziako hauteskundeak dira, hauteskunde-barrutien eskalara ekarriak. Hiru hauteskunde-barrutitan bozkatu behar dute euskal herritarrek (horietako bat Biarnorekin batera osatua da). Bakoitzean 14-15 hautagai aurkeztu dira: Frantziako kolore guztietako hautagaiak eta bina abertzale (EH Bai eta EAJ), euskal berezitasunaren lekuko gisa.

Berezitasun hori da abertzaleek beren alde erabili duten argudio nagusia. Emmanuel Macronen politika liberala sakonki kritikatu eta Alderdi Sozialistak edo Errepublikanoen alderdiak antzekoa egiten dutela oroitarazi ondoan, abertzaleek (EH Bai-k bereziki) azpimarratu dute beraiek direla tokian tokiko alternatibak eraikitzen dituztenak, eta gisa horretan borrokatzen direla globalizazioaren kalteen kontra, izan kalte sozialak, izan kalte ekologikoak.

Lehentasunezko gaiak izan dira etxebizitza, garapen jasangarria, laborantza, barnealdeko zerbitzu publikoak… Abertzaleen hauteskunde programak islatzen du beren herriarentzat daukaten ardura, herri hau biziarazteko egiten duten eguneroko lana, sortu dituzten egiturak, hartu dituzten erabakiak, dinamizatu dituzten ekimenak… Euskal Herria bizirik nahi bada, behar du enplegua, behar du etxebizitzen prezio politika egoki bat, garraio sistema birpentsatu behar da, zerbitzuak behar ditu… Batzuek uste dute garapen jasangarritik lortuko dela herria biziaraztea; baina badira garapen ekonomikoaren beste ikuspegi bat duten abertzaleak ere. Edozein eragilek, berez, nahi du bere herriko edo eskualdeko bizimodua hobetu, Euskal Herrian eta beste lekuetan. Garapen jasangarria bultzatzea ez da, beraz, euskal berezitasuna. Ez da gai nazional bat, gai unibertsala da. Herri proiektu baterako beharrezkoa, baina nazio ez zapaldu batean ere balio duena.

Euskara, bakegintza, presoak edo erakunde propioa ere aipatzen dituzte abertzaleek, baina ez lehen planoan. Jakintzat ematen da horiek abertzaleen betiko gaiak direla, beraz ez dira azpimarratzen. Pozten dira gai horiek, gaur egun, beste alderdiek ere berenganatu dituztelako. Ezin dira konparatu, ordea, euskalgintzak aldarrikatzen duena eta Frantziako alderdietako ordezkariek proposatzen dituzten neurriak. Gisa guziz, edozein izanik ere Euskal Herritik Parisera doan diputatua, Frantziako gobernuak egiten du nahi duena.

Azken legegintzaldian, Lapurdiko bi diputatuak Frantziako gobernuan agintzen zuen alderdikoak ziren. Sylviane Allaux sozialistak garaitu zuen, ustekabean, Michele Alliot-Marie eskuindarra, seigarren hauteskunde barrutian. Abertzaleei esker garaitu zuen, eta azken horiek aldaketa ospatu zuten. Allaux eta Colette Capdevielle lurralde kolektibitatearen alde zeuden. Hala ere, beren alderdikideek ez zieten kasurik egin; Frantziak atzera bota zuen diputatu lapurtarrek ere sostengatu zuten proposamena. Euskararen alde mintzo dira, gaur egun, alderdi gehienetako hautagaiak (horiek horrela, oroitaraztekoak dira Jean Lassalle barnealdeko diputatuak duela aste batzuk ikastolen kontra egindako akusazioak, geroago barkamena eskatu bazuen ere). Funtsean, ez du gauza handirik aldatzen: nahiz eta urte anitz iragan diren politikari horien diskurtsoa euskararen aldera ireki denetik, euskarak ez dauka legezko babesik, eta zerumugan ez da ageri egoera aldatuko denik.

Aspaldi du euskararen gaia eta Euskal Herriaren askatasunarena ez direla gai zentralak hauteskundeetan. Ez dago horren inguruko zinezko konfrontaziorik. Aditzera ematen da, gaur egun, adostasun zabala dagoela, eta hautagaien arteko diferentzia nagusia ez dagoela ildo horretan. Aldi berean, abertzaleek diote garrantzitsua dela beren alde bozkatzea, agintariek emaitza horiek beti kontuan hartuko dituztelakoan.

80ko hamarkadan, abertzaleek erabaki zutenean hauteskunde guztietan aurkeztea, bazegoen bazterrak inarrosteko gogoa, jendea ez baitzen ohitua halako eskaintza bat ikustera. Geroztik, pixkanaka-pixkanaka emaitza gero eta hobeak lortzen ari dira, baina gaur egun hauteskundeek ez dute sortzen garai bateko mobilizazioa. Nehori ez zaio burutik pasatzen ez aurkeztea eta tokia hutsik uztea, baina ez da garbi ikusten zer dagoen irabazteko. Joko-zelaia eta joko-arauak Frantziarenak dira, nahiz eta euskal kolore pixka bat eman. Orkestra burua Parisen dago. Eta hori igartzen da kanpainako mezuetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.