Pastor

Euskaldunek arrazializatutako euskaldunak

2023ko azaroaren 18a
05:00
Entzun

Edonon eta edonoiz salatzen dugu pertsona arrazializatuek jasaten duten diskriminazioa. Aurre egiten diogu jarrera horren zantzurik txikienari. Bazterkeriak oro gaitzesten ditugu halakorik nabaritzen dugun bakoitzean. Eta hara non gu ere, seguruena konturatu gabe, arrazializatuak zokoratzen ari garen. Euskaldun arrazializatuak. Euskaldunen komunitatetik botatzen ditugu haien itxuragatik. Gurekin gogo betean nahi dute euskaraz egin, baina guk aukera hori zapuzten diegu.

Euskaldunak dira eta herri eta eskualde euskaldunenetan bizi dira. Sustraiak urrunean badituzte ere, hemen errotu dira. Arantxa Iraolak ederki aipatu du egunkari honetan UEMAk horren harira Ibarran esandakoa: «Euskaldunak dira Arlenys, Haider, Aimar, Aya, Nora, Sefora, Miruna, Randy, Ekhi Hanna, Anastasia, Andriy Zunnurain, Lasanna, Abdallah, Alaia, Rayan eta Leen». Pertsona horiek guztiek euskara ikasi dute, eta euskaraz egiten segitu nahi dute. Euskararen munduan. Ordea, guk euskararen atea ixten diegu. Zergatik? Euskaldunak izatearen itxura ez dutelako, antza.

Zer itxura dugu euskaldunok? Zer da euskalduna izatea? Nik dakidala, euskalduntasuna hizkuntzak ematen digu, ez itxura fisikoak. Lagunen artean behin baino gehiagotan gogoratu dut Martxelo Otamendiri aspaldi entzundako adibidea. Ramon Jauregik, Eusko Jaurlaritzako Justizia sailburuak, esaniko hitzak zituen oinarri: «Epaile euskaldun gehiago behar ditugu». Zertaz ari zen Jauregi epaile euskaldunak behar genituela esan zuenean? Ez zegoen epaile baskorik orduan? Bai, eta kanpoko ez gutxi. Alta, horietatik zenbat ziren euskaldunak, euskaraz zekitenak?

UEMAk kanpaina abiarazi du euskaldun arrazializatuen eskubideak aldarrikatzeko. Egin nirekin euskaraz du izena. Joan den astean aurkeztu zuen eta horren arrazoia azaldu: «Askotan, azalaren kolorearengatik, aurreiritziengatik edota auskalo zergatik, erdaraz hitz egiten diete gainerako herritarrek. Eta ez zaie gustatzen». Agerraldian euskaldun horien ikuspegia agertu zuten, zer pentsatua ematen duena: «Euskara ukatzen digutenean, bertakoa izatea eta sentitzea ere ukatzen digute, nahi gabe izan arren». Justizia eskatzen ari gara euskararentzat. Gure eskubideak errespetatzeko ere bai. Zer esango dute Arlenys, Haider, Aimar, Aya, Nora, Sefora, Miruna eta bestek? Euskaldunok euskaratik kanporatzen ditugula? Euskaldunengatik urrunduko direla euskaratik?

Herritar horiek euskaldunak ditugu. Euskara maite dute, beste zenbait lagunek ez bezala. Urrian, gradu amaierako lan bat irakurtzea egokitu zitzaidan. Gaia: gazte atzerritarrak eta euskara. Gazte horietako batek argi zuen ez zuela euskara ikasiko. Hark adierazi zuenez, euskaragatik joango da Euskal Herritik. Euskarak kanporatuko du gure herritik. Halaxe. Atzerriko ikasle askok arazoak eta zailtasunak dituzte euskara ikasteko. Ez dute bide erraza. Hala ere, gradu amaierako lan horretan mintzo ziren gazte batzuek ez zuten bereziki egiten euskararen kontra. Neska horrek, aldiz, bai. Gure errua da sorterria Kantauri aldeko herria izatea, Europako hizkuntzarik zaharrena duena? Akaso euskarak desagertu egin behar du edo euskaldunok euskaraz egiteari uko egin behar diogu gazte hori lasai, erosoago bizi dadin hemen?

Baliteke urte batzuk barru epaile euskaldun gehiago izatea —eta Jauregi horregatik poztea—. Euskaraz izango ditugu justizia zerbitzuak. Baliteke epaile euskaldun horietako batzuk egun diskriminatzen ari garen umeak, nerabeak eta gazteak izatea. Eta baliteke guk epaile horien aurrean erdaraz egitea, geure iritziz oso itxura euskalduna ez dutelako. Gure euskalduntasunaren karikatura arrazistarekin bat egiten ez dutelako, hau da, sudur eta belarri ederrak ez dituztelako. Kanpokoekin beste inon baino solidarioagoak omen garenok etxekoak baztertuko ditugu haien antzari lotutako aurreiritziengatik. Txapela janzten ez dutelako. Eta bidegabeak izango gara gurekin justuak izaten saiatuko diren epaile euskaldunekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.