Pastor
Darwin eta gu

Garin soldadua Gazan

2024ko otsailaren 3a
05:15
Entzun

Gerra hasi zenetik Israelgo Armadak Gazan jasan duen kolpe latzenaren berri eman zuen Haaretz egunkariak joan den astean. Azalean. Egun bakar batean 21 soldaduk galdu zuten bizia. Hedabide israeldarrak hildakoen izen-abizenak argitaratu zituen, argazki banarekin.

Egunkariak soldadu horien alde gizatiarra azaldu zuen testuan: bakoitza nor zen, zer egiten zuen, nola bizi zen, familiarik ote zuen... Eta guztien jatorria: beduino bat, kolonoak, Etiopiako judu bat, kibbutznik batzuk… eta Filipinetako etorkin gazte bat: Cydrick Garin, lehen mailako sarjentua. Garindar bat, kolonoekin batera, besteren lurrak hartzen eta okupatzen. Euskal arbaso batek haren jaioterrian egin zuen legez, armada espainiarraren indarkeriaren bidez edo geroagoko kolonoen zapalkuntza zuriaren bitartez. Garin, euskal jatorria zuen filipinar-israeldarra, Gazan hila.

Zenbat zibil hiltzen dira egunero Gazan bonben ondorioz? Zenbat hilko zuen Garin soldaduak bertan? Asko, gutxi, bat ere ez? Horien guztien argazki eta biografiarik ez dugu hain erraz ikusiko. Zer goxoki maite zuen Ahmed irribarretsuak? Zer ikasten ari zen Fatima? Nor zen Amira bihurriaren heroia? 

Haaretz-en arabera, Isabela probintzian jaio zen Cydrick Garin, Filipinetako hegoaldean. Amarekin joan zen Israelera. Familia pobrea zen. «Ama garbitzailea zen eta ia ez nuen ikusten. Goizean goiz joaten zen etxetik eta iluntzean itzuli. Denbora gehiena bakar-bakarrik igarotzen nuen», jakinarazi zuen Garinek Israelgo Armadarekin egindako elkarrizketa batean.

Cydrickek Tel Aviv-en ikasi zuen, Bialik Rogozin eskolan. Handik alde egin eta bide okerra hartu zuen mutilak. Egun batean, Polizia haren etxera joan zen, bortxazko delitu bat leporatuta —«etorkin zikin hauek gaitza besterik ez dute ekartzen, baita euskal jatorrikoek ere», pentsatuko zuten poliziek?—. Eskuburdinak jartzen zizkioten bitartean ez begiratzeko eskatu zion mutilak amari, lotsa-lotsa eginda. Ama negarrez hasi zen. Cydrick orduantxe konturatu zen gaizki ari zela, ama zeinen bakarrik eta triste zegoen. Atxiloketa hura mugarria izan zen Garin gaztearentzat. Armadan sartzea erabaki zuen. 

Zenbat zibil hiltzen dira egunero Gazan, bonben ondorioz? Zenbat hilko zuen Garin soldaduak bertan? Asko, gutxi, bat ere ez?

Espainiako Koroaren zerbitzari iritsi ziren euskaldunak Filipinetara. Garin deiturak Goierrin ditu sustraiak —Beasaingo auzo baten izena da—. Gipuzkoako eskualde horretakoa zen Andres Urdaneta, Ordizian sortu baitzen mundura. Legazpi zumarragarrarekin batera Filipinak konkistatu eta kolonizatzera joan zen Urdaneta. Marciano R. de Borjak idatzitako Basques in the Philippines liburuan hainbat datu ageri dira Asiako euskaldun horiei buruz. Marinelak eta konkistatzaileak ziren. Edo etorkinak, gero hobea gogoan. Euskal Herritik gerren ondorioz edo atzerritartzat zuten armada espainiarrean ez sartzeko joanak ere baziren —liburuan ageri denez, 13 urteko umeek ere alde egin zuten, bakar-bakarrik, Filipinetara—. Eta oligarkak, botereari estu lotuak.

Lau mendeko historia koloniala izan zen. Filipinetako euskaldunen ondorengoek euskal abizenak hartu zituzten askotan, Garin soldaduak bezalaxe, baina ez beti. Euskara galdu zuten. Hango kontzientzia hartu zutenak Filipinen independentziaren alde borrokatu ziren. Gaur egun filipinarrak ditugu. Horietako batzuek euskal jatorria dutela dakite oraindik. Ez da gutxi.

Garindarrak erdaldundu egin ziren Filipinetan. Hala ere, hango garindar edo ez garindar batzuk euskalduntzen ari dira Euskal Herrian. Iazko urria. Gizon bat Getxoko oso kafetegi ezagun batean sartu da. Kafesne bat eskatu dio, euskaraz, itxura asiarra duen emakume gazteari —zenbat euskaldunek egingo genuke hori?—. Hark euskaraz erantzun eta, kobratzeko garaian ere, euskaraz segitu du: «Euro bat eta laurogei». Bezeroa zur eta lur utzi du. «Kafesne hau zoriontasunezkoa da», izan da haren erreakzioa. Orduan azalpena eman dio neska filipinarrak, irribarrez: «Euskara ikasten ari naiz». Kafetegitik irten eta, gertatutakoa azaltzeko, txio bat bidali du Iñaki Zabaletak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.