Edurne Begiristain.

Gasteiz antzokia, balazta jarrita

2024ko apirilaren 26a
05:00
Entzun

Euskalgintzarentzat proiektu ilusionagarria zena amesgaizto bihurtu da. Trabaz beteriko bide malkartsu baten ondotik, kale itsu batean sartu da Gasteiz antzokia-Euskararen Etxea —ofizialki Izaskun Arrue kulturgunea—, eta oraingoz ez da argirik ikusten bestaldean. Instituzioen eta herri ekimenaren eskutik jaio zen egitasmoa, eta elkarlanaren eta adostasunaren emaitza beharko luke antzokiak. Azken urteetan, baina, azeleragailua zapalduta baino, balazta jartzen ibili da udala, eta traba burokratikoak bata bestearen atzetik gainditu ezinda dabil proiektua. Azken oztopoak utzi du hilzorian: Gasteizko Udalak Lazarraga kultur elkarteari exijitu dio iazko diru laguntzen zati bat itzultzeko —113.000 euro inguru—, antzokia abian jarri ahal izateko. Elkarteak, baina, argi esan du ezin diola aurre egin zor horri, nahita ere ezingo lukeela ordaindu.

Gehiegi korapilatu da mataza, eta zaila da jakitea antzokiarekin zer gertatuko den. Baina joan den asteartean Gasteizko Udaleko Euskara Batzordean Maria Nanclares Euskara zinegotziak Lazarraga kultur elkarteari egindako abisuak ez du ezer onik iragartzen. Legea betetzeko dagoela ohartarazi zion, eta ezin zaiola izkin egin udaleko kontu hartzaileak egindako likidazioari buruzko txostenak esaten duenari, diru laguntzak itzuli beste biderik ez dagoela. Are, zor hori ordaindu ezean antzokia ezin izango duela kudeatu iradoki zion elkarteari. «Giltzak prest daude; hartu nahi dituzuen ala ez zain gaude». Pilota Lazarraga elkartearen teilatuan utzi zuen Nanclaresek, antzokia irekitzeko erantzukizuna horretarako baliabide eta gaitasunik gabe utzi duen elkartearen bizkarrean. Etsipenez eta erneguz erantzun zioten elkarteko ordezkariek udalari: elkartea «ito» egin du, eta antzokia «hilzorian» utzi.

Oihaneder Euskararen Etxea erreferentziazko topagune, sorgune eta kulturgune izan zen zortzi urtez, eta 2022ko uztailean itxi zituen ateak, kulturgune berriari lekukoa emateko asmoz. Artean, baina, ez da antzokia zabaldu, eta Gasteizko euskaltzaleak erreferentziazko gunerik gabe geratu dira. Ia bi urte B planik gabe. Ia bi urte euskararen arnasgunerik gabe, Gasteizko eta Arabako kulturgintzarako erreferentziazko espazio euskaltzalerik gabe.

Urte eta erdi pasatu da Gorka Urtaranen udal gobernuak adierazi zuenetik Gasteiz antzokia irekitzeko moduan zegoela, baina kulturguneak ez ditu ireki ateak; are gehiago, oraindik ez dago zehaztuta noiz irekiko dituen. Maider Etxebarriaren agintaldian, ezin konta ahala gabezia agertuz joan dira —oholtzarekin, ikus-entzunezko sistemarekin eta ostalaritzako lizentziarekin lotutakoak, besteak beste—, eta udalak amaigabeko arazoak argudiatu ditu irekiera atzeratzeko. Bitartean, antzokia zabalduko zelakoan, kudeaketari lotutako hamaika lan egin du Lazarraga elkarteak, eta diru laguntzaren zati bat gastatu du langileei ordaintzeko, inbertsioak egiteko eta kultur programazioa atontzeko. Kulturgunea, baina, ez da ireki, eta elkarteak ezin izan ditu berreskuratu egindako inbertsio horiek denak.

Baina trabak ez dira berriak. Hastapenetik izan dira, eta ez gutxi. 2009an hitz egin zen lehenengoz euskarazko kulturgune bati buruz. Hortik aurrera, proiektuak bihurgunez, zuloz eta geldialdiz betetako bidaia amaigabea hasi zuen, eta erakunde publikoen kudeaketa desegoki batek izugarri moteldu zuen proiektuaren erritmoa. 2012an, Javier Maroto alkateak iragarri zuen ur biltegian egingo zela antzoki berria; handik bi urtera, Eskoriaza Eskibel jauregian eraikiko zela esan zuen Gorka Urtaranek, eta handik beste bi urtera kokapen berri bat jakinarazi zuen: Ruiz de Bergara jauregia. Tartean, dozenaka arazo burokratiko eta beste horrenbeste atzerapen izan dira. Jauregia eraberritzeko obrak 2021ean hasi zituzten, eta 2023ko udaberrirako amaitu. Urtebete, beraz, eraikina prest dela. Baina edukiz hutsik dago, «kutxa huts bat» da, elkarteko kideek salatu dutenez.

Gasteiz antzokia hiri proiektu estrategikoa da, adostasun zabalaz landutakoa, euskarari berariazko espazioa emateko asmoz ondutakoa, aberastasun soziala eta kulturala sortzeko anbizioa duena. Gisa horretako proiektu batek arrakasta izan dezan, borondate politikoa eta lidergoa ezinbestekoa ditu. Agintarien agendan lehentasunezkoa beharko luke kulturguneak, lehentasunezkoa beharko luke euskarak. Orain arteko bideak, baina, kontrakoa erakusten du. Eta hemendik aurrerakoak? Gasteizko Udalak dauka giltza.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.