ANALISIA. EUSKAL DEPARTAMENDUA

Herri kontsultaren akuilua

ENEKO BIDEGAIN
2005eko azaroaren 1a
00:00
Entzun
Euskal departamenduari buruzko erreferenduma nahi duten auzapezen kopurua eta duela bederatzi urte euskal departamenduaren alde zeudenena ia bera da. Aski argi gelditzen da euskal departamenduaren aurkakoak erreferendumaren aurka daudela. Bi gisetara uler daiteke horien jarrera. Edo euskal departamenduaren aurka daudela berretsi nahi izan dute, eta ez diote pausatua zen galderari erantzun. Edo, bestela, herriaren iritzia biltzea bezalako ariketa demokratiko baten aurka daude. Demokraziaren ikuspegi murritza agerian utzi dute. Balizko herri kontsulta horren emaitzen beldur ote dira?

Oraino ez daiteke erran ea, departamendu guztian horrelako kontsulta bat antola baledi, euskal departamenduaren aldeko jarrera nagusituko litzatekeen. Baina erreferendumaren aurkari horiek, hain segur, ez diote euskal departamenduaren aldekoei espaziorik eman nahi. Eta erreferendumaren antolatzea bera espazio bat litzateke, garaipen baten aitortza litzateke.Aurkariak nahi duten bezain auzapez «handiak» izanik ere, herri galdeketaren aldeko jarrerak indarra hartu zuen igandean. Gaur egun mahai gainean dagoen galdera finkatua da. Euskal departamendu baten sortzearen alde ala aurka zaude? galderari erantzun beharko liokete Ipar Euskal Herriko hautesleek, herri kontsulta antolatzen balitz.Ipar Euskal Herria bide bat egiten ari da azken urteetan herri ezagupenaren eta herri kontsultaren inguruan. Beharbada zalaparta mediatiko gutxiago sortuz, baina isil-isila, ez idurian, aitzinamendu handiak egiten ditu.Abertzaleek gutxiengoa baldin badute ere, gehiengo bat osatu da aldarrikapen baten inguruan. Aldarrikapen mugatua, baina lehenbiziko lurraldetasun ezagupen baten ingurukoa. Ez da gutxi horren inguruan lortu duten batasun zabala. Aldarrikapen fasetik kontsulta antolatzearen fasera pasatzen ari da Ipar Euskal Herria. Adostasun giroan aitzina egin daitekeelako froga da kontsultaren aldeko dinamika berri hori.Bere erritmoan doa aitzina Ipar Euskal Herria. Eta beharbada, bere erritmoan ari delako lanean egiten du aurrera. Laborantza ganbera eraikiz edo herri kontsulta zehatz baten aldeko mobilizazioa abiatuz, Ipar Euskal Herriko agenda politikoa lekuko eragileek Ðabertzaleek eta abertzaleekin bat egin duten sektore zabalekÐ markatzen dute.Frantziak eta Estatuaren aldeko hautetsiek aitzinamendu horiek trabatu nahi izanen dituzte. Baina aitzinamenduen dinamikak indarra hartzean, atzerakoien eragina ez ote da ahulduko?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.