arantxa iraola
ANALISIA

«Inkongruentzien» zirimolan

2020ko martxoaren 8a
00:00
Entzun
Ez dira egun errazak osasun arduradunentzat; COVID-19 gaixotasunaren inguruko albisteek zedarritu dute astea, modu bihurri batean, gainera, ia ordutik ordura aldatzen baita egoera; informazioa era zuzen, zentzuzko eta zuhurrean emateko lana ez da batere samurra halakoetan. Argi ikusi da, esaterako, Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu Nekane Murgak astean zehar egin behar izan dituen agerraldi ugarietan; beren betebeharrari lotu zaizkio kazetariak; galdera ugari egin dizkiote, eta, hainbat datu hizpide hartuta, «inkongruentziak» aitortu behar izan ditu.

Unean uneko informazioa ematea zaila dela onartuta ere, eta birusarekin kutsatuta agertzen den kasu berri bakoitzaren gaineko azalpen zehatzetan tematzeak, oro har, herritarrentzat zenbateko onura ekar dezakeen zalantzan jartzeko modukoa bada ere, osasun publikoarekin lotutako auzietan saihestu beharreko hitzak izan behar lukete halakoek. Gizarteak ahalik eta informazio argi eta zuzenena behar du. Orain, krisi honen erdian, bereziki.

Baina, bestela ere, zabaldu eta zimendu sendoz hornitu beharrekoa da instituzioek herritarrengana —eta herritarrek instituzioetara— heltzeko duten bidea; zidorra baita gehiegitan, eta,aldapatsua, gainera, sarri. Erakundeek hautatzen dute, gehienetan, noiz helarazi mezuak gizarteari: zelaia izaten da orduan bidea, baina, sarri askotan, estu-estu zedarritua, helarazi nahi duten mezu hori hauspotzeko pentsatutakoa soilik. Atea propio herritarrek zabaltzen dutenean, instituzioetako aldaba jotzea erabaki eta galdera egiten dutenean, maiz nekosoa da instituzioen jardunaren berri izatea. Osasun gaietan ere bai. Aste honetan bertan argi ikusi da; EHU Euskal Herriko Unibertsitateko Opik ikerketa taldeak eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Medicus Mundik osasun publikoa sustatzeko aldeko erreminta bat aurkeztu dute: Oseki. Hutsune bat betetzera dator.

Webgune bat da egitasmoaren erakusgarri nagusia, zeinean osasunaren eta gizarte aldagaien arteko harremanei buruzko datu ugari biltzen baitira. Egitasmoaren sustatzaileek onartu dute datu horietako asko instituzioek egin eta sustatutako ikerketen emaitzak direla eta, gainera, argitaratuta daudela; «sakabanatuta» zeuden, ordea, orain arte, eta, ondorioz, askotan «eskuratzen zailak» ziren herritar gehienentzat, amaraun nahasi batean. Horrek eraman ditu egitasmoa sustatzera. Izan ere, ondo hezitako gizarte bat lortze aldera, ezinbestekoak dira informazio tresna argi eta zuzenak. Horiek ahaldunduko dute gizartea, eta koronabirusaren inguruan bolo-bolo zabaldu diren hainbat albistek eta zurrumurruk, esaterako, argi eta garbi utzi dute gizartearen sendotasuna ezinbestekoa dela halakoetan. Hori da erarik onena alarman eta beldurrean oinarritutako mezuak ez bazkatzeko.

Koronabirusak logika asko dar-dar jarri dituen egunotan, adierazpide lausoak ez dira batere lagungarriak. Lasaitasuna sustatzeko hitzak hedatzea, eta, kontrara, larritasuna eragiten duten ekintzak behar adinako argibiderik gabe zabaltzea, ere ez. Egun batetik bestera Gasteizko erietxe bateko ehun langile inguru baino gehiago bakartu behar izan dituztela jakiteak, esaterako, harridura eragin du, eta atzetik iritsi dira antzeko albiste gehiago; oso ondo esplikatu behar dira halako erabakien zergatiak. Ezinegona sortu dute, halaber, hainbat sindikatuk osasun sistemako langileen segurtasun faltaren inguruan zabaldu dituzten salaketek. Zalantza eragiten duten eremu labainkor asko dira. Ingurumari horretan, erakundeetara heltzeko bidea lauso antzemateak ez du batere laguntzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.