EUSKO LEGEBILTZARRERAKO HAUTESKUNDEAK. DEIALDIA. ANALISIA

Izan edo ez izan

Pello Urzelai.
2009ko urtarrilaren 3a
00:00
Entzun
Bi hilabete eskas Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetarako. Azken esprinta baino ez, baina erabakigarria. Bi hilabeteren faltan eta dena dago zintzilik: irabazlea zein izan daitekeen, ezker abertzaleak aurkezterik izango ote duen, txikien emaitzak, gehiengoa osatzeko formula... Bi gako nagusik baldintzatuko dituzte martxoaren 1eko hauteskundeak: indar sakabanaketa eta noraeza politikoa.

EAJk arrisku handia koaliziorik gabe aurkeztean. Azken erabakia EArena izan da, baina ardura konpartitua da. EAJk ez du apustu serio bat egin EArekin koalizioa berrestearen alde. Iazko martxoko hauteskundeetan, emaitza txarrak izan ondoren, mezua eta irudia berritzeko Think Gaur ekimena jarri zuen martxan. Harrez geroztik, berezko perfila lantzen aritu da, eremu soziologiko berriak eskuratzeko kezka bereziaz. Baina bakarrik aurkezteak alternatiba indartzea dakar: Lopez eta Ibarretxeren arteko distantzia hipotetikoa txikiagoa da. Ondorioz, bi hautagai hauen inguruko polarizazioa indartuko da, gainerako aukeren kaltetan. Inoiz ez bezala, hauteskundeak zeinek irabazten garrantzi berezia izango baitu. Boto zuzena inoiz baino eraginkorrago izango da hurrengo lehendakaria aukeratzeko orduan. Gainerakoek nabaritu dute. Aukera ugari egoteak --antzeko espazio elektoralaren bila-- areagotuko du eragin hori. EAk, Aralarrek eta Ezker Batuak elkar neutralizatzeko arriskua dute. EAk perfil soberanistaren alde egin du, baina ikusteko dago nola erantzuten duen haren hauteslegoaren zati pragmatikoak. Ezker Batuak ahulduta helduko dio erronkari, barne gorabeheren ondorioz eta PSE-EEren aukera goranzkoa delako. PPk ere posizio ahulean eutsi beharko die hauteskundeei, Espainiako Gorteetarako hauteskundeak galtzearen ondorioak gainditu gabe dituelako eta buruzagi berria --Antonio Basagoiti-- tokia hartu gabe dagoelako.

Ezker abertzalea ahaleginduko da Alderdien Legeak ezarritako bazterketa gainditzen, baina inoiz baino zailago du, Espainiako Gobernuak erabakita baitu espazio politikorik ez uztea eta bide polizialarekin estutzen jarraitzea. Gainera, zailtasunak ditu eskaintza politiko bat plazaratzeko abagune nahasi honetan. Legez kanporatzeak eragindako zailtasunez gain, negoziazio prozesuaren porrotaren ajeak sortutakoei aurre egin behar die. Beste garai batzuetan gertatu denez, zaila da konponbide eta aldaketa politikoaren aldeko ildo bat finkatzea alde guztietatik konfrontazio biolentoa areagotzen denean, eta ETAk gogor eta zabal jotzen duenean, euskal gizartean hain atxikimendu zabala duen EITBren kontra eginda gertatu den bezala.

Datozen hauteskundeetan, EAJ lehiatuko da PSE-EErekin botereagatik, baina eduki gabe eskaintza estrategiko argi bat, kontsultaren debekuaren ondoren agerian gelditu zen bezala. Orain arte egindako ibilbidearen ezintasunak zama bilakatuta, norabide argi bat seinalatzeko gaitasuna ahulduta dago. Teorian, aukera on bat izan liteke polo subiranista indartsu bat sortzeko, baina ez dirudi, bi hilabeteren faltan, hauteskundeotan islarik izango duenik. Gainera, arrakasta izatekotan, mugimendu estrategiko gisa --ez taktiko gisa-- gorpuztu beharko litzateke eta, gaur gaurkoz, horren zantzurik ez da ageri. Nahien eta ahalen arteko gatazka saihestezina izango da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.