urtzi urkizu
Nekane Goikoetxea eta Estiñe Astorkia. Soziolinguistika Klusterreko lehendakaria eta lehendakari ohia

«Jakintzatik baino ezin da egin euskararen aitzineratzea»

2014ko martxoaren 30a
00:00
Entzun
2012tik Soziolinguistika Klusterreko lehendakari izan da Estiñe Astorkia (Ispaster, Bizkaia, 1980). Artez Euskara Zerbitzuko teknikaria da, era berean. Datozen bi urteetan beteko du kargua Nekane Goikoetxeak, Mondragon Unibertsitateko irakasleak (Deba, Gipuzkoa, 1970).

Klusterraren hasierako helburuak bete al dira?

NEKANEGOIKOETXEA. Neurri batean bete dira, bai. Hainbat herri-erakunde, gizarte eragile, enpresa, unibertsitateko fakultate eta sail, eta gizabanakoz osatutako sarea osatu da. Izaera askotariko eragileak soziolinguistikaren berehalako, luze gabeko eta luzera begirako beharrei erantzuteko elkartu, eta elkarrekin lan egiten dute. Bazkideen onura teorikoa, metodologikoa, aplikatua eta zenbaitetan ekonomikoa bilatu, landu eta operatibizatu du; baita bazkideek jasotzen duten onuraren arteko oreka zaindu ere. Bazkideek jakin izan dute bakoitzaren unean uneko behar eta interes partikularren gainetik, eta elkarren arteko merkatuko lehiaren logikatik ihes eginda, elkarrekin luze gabe eta luzera begira lan egiten. Nabarmentzekoa da ezagutzaren transferentzia helburu duten bitarteko batzuk lortu duten erreferentzialtasuna. Gainera, euskal soziolinguistikari, jakintza eremu gisa, prestigioa eman dio.

Euskararen soziolinguistika ezagutzan, zer pauso garrantzitsu eman dira urteotan?

N. G. Hizkuntza gaitasunaren inguruan, azterketa sinkroniko eta diakroniko garrantzizkoak egin dira, biziberritze prozesuetan erabakiak hartzeko ezinbestekoak direlako. Horregatik, gaitasuna areagotzeko eragileen inguruan asko aztertu da. Batez ere, hezkuntza sistemaren bitartez egindakoaz. Ikasi dugu transmisioak ez duela, berez, euskararen erabilera bermatzen. Gaitasunaren eta erabileraren arteko tartea txikiagoa egiteko erabilera areagotzen duten faktoreen azterketa garrantzizkoa da, bereziki gazteengan, baita erabilera esparruetan ere: etxean, hezkuntza sisteman, erakunde publikoetan, komunikabideetan... Hizkuntzen inguruko jarrerek hiztunen portaeretan eragiten duten erari buruz asko aurreratu da: nolakoak diren jarrera horiek eta nola aldatzen diren eremu soziolinguistiko askotan edo hiztun soslai anitzen arabera; zer desberdintasun dauden euskaldun, ez-euskaldun eta euskara bigarren hizkuntza modura dutenen artean. Eta horien artean aurreiritziek zer-nolako pisua hartu duten. Ikasi dugu, halaber, hizkuntza gaiak ez direla erantzun bakarreko fenomenoak. Aldiz, hizkuntza fenomenoak ulertzeko garrantzizkoa bilakatzen ari da ikuspegi ekosistemikoa lantzea, begirada zabala, malgua, osatua eta askotarikoa lantzeko beharra.

Estiñe, zuk zer balantze egiten duzu lehendakari gisa egin duzun epeaz?

ESTIÑE ASTORKIA. Balantzea oso ona da, positiboa. Bi erronka nagusi genituen: batetik, bazkideen arteko sarea indartzea, eta, bestetik, hurrengo urteetarako plan estrategikoa diseinatzea. Bi erronkei erantzun diegu.

Nola ikusten duzue orain Klusterra?

E. A. Mamiz eta ausardiaz beteta. Irudikatutako bidean sinesten duen erakundea da klusterra; bere gaitasunetan eta potentzialean sinesten duena, eta, horrekin batera, iparra argi duena. Era berean, egoera berriekiko gero eta malguagoa. Malgutasuna aurrera egiteko osagai garrantzitsua da; are gehiago, jatorri, ikuspegi eta hain izaera askotariko erakundez osatutako elkarte batean.

Zer erronka ditu aurrera begira?

E. A. Hasitako bideari jarraitzea. Soziolinguistika Klusterra osatzen dugun erakunde bazkide eta pertsonen arteko harreman sarea sendotzea, lankidetzarako molde berriak probatzea eta garatzea, eta egiten duguna gehiago eta hobeto ezagutaraztea.

N. G.Batetik, klusterra osatzen dugun bazkideok ikuspegi eta praxi partekatu bat izateko lan egiten jarraitu behar dugu. Horrek dakar zer eta nola galderei modu kooperatiboan erantzutea, eta bakoitzaren logika gainditzen duen bide partekatu batekin konprometitzea. Bestalde, euskararen aitzineratzea jakintzatik baino ezin dela egin aldarrikatu nahi duen erakundea da gurea. Euskararen afera beti izango da auzi politikoa; baina horregatik, hain zuzen, tresna intelektual sakonak behar ditugu hizkuntza eta gizartea binomioaz pentsatzeko eta ekiteko. Herri ekintzailea da gurea, eta janzteko premia duena.

Ikerketa aldetik, urratsak egiten ari dira Euskal Herrian. Nolako ikerketak sustatu nahi dituzue?

N. G. Euskararen inguruko esparru soziolinguistikoak bi bidetan egin behar du lan: batetik, arlo aplikatuan egiten dena kualifikatzeko egin behar da lan, eta, bestetik, arlo akademikotik ikerketa soziolinguistikoari beste arreta batekin heltzeko bitartekoak bilatu beharko dira.

Nolakoa da harremana klusterreko erakundeen artean harremana?

N. G. Harreman heldua dago oinarrian. Nahiko genuke esparru akademikoan nahiz politikoan erantzukizun berarekin egin izan balitz apustu. Ahalegin pertsonalak organikoagoak bihurtzean dago gakoa.

Zer ondorio atera daitezke herrietako kale erabilera neurtzeko egindako azterlanetatik?

N. G. Herrietako neurketak, batez ere, Gipuzkoan eskatu dizkigute. Lurralde horretako udalerrietan, oro har, erabilerak gora egin du. 80ko hamarkadan ez bezala, gaur egun, belaunaldi gazteek darabilte euskara gehien. Hurrenkera hauxe da: haurrak, gazteak, helduak, eta, azkenik, adinekoak. Zenbat eta gazteago, orduan eta gehiago erabiltzen da euskara. Udalerri askotan, haurrak gazte bihurtutakoan, erdararako joera handiagoa sumatzen da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.