Maite Asensio Lozano.
ANALISIA

Klima aldaketari aurre: nola?

2015eko ekainaren 7a
00:00
Entzun
Klima aldaketaren inguruan NBE Nazio Batuen Erakundeak urte amaieran egingo duen goi bilerari begira daude ekologistak eta gobernuak: ingurumenaren arloan mugarri izatea espero dute, Kyotoko Protokoloa ordezkatuko duten konpromisoak adostekoa. «Munduko eskualde guztiek aurrean duten erronka handienetakoa da klima aldaketa», adierazi zuen Ana Oregi Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailburuak herenegun, Ingurumenaren Egunaren harira Bruselan hainbat erregiotako ordezkariekin egindako agerraldian.

Jaurlaritzak berak asteartean aurkeztu zuen klima aldaketari aurre egiteko estrategia. Helburu handinahiak ditu: berotegi efektua eragiten duten gasen isurketa %80 murriztu nahi du 2050. urterako. Are handinahiagoa da tarteko xedea: isurketak %40 gutxitu nahi dituzte 2030erako. Bederatzi helburu eta 24 lan ildo ezarri ditu gobernuak, baina neurririk ez du zehaztu; hau da, ez du azaldu nola lortuko duen gas isurketak jaitsaraztea.

Egia da klima aldaketaren aurkako borrokak globala beharko duela izan, eta neurri asko nazioartean adostu beharko dituztela. Baina egia da, era berean, beste hainbat neurri estatu eta eskualde gobernuei dagozkiela. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan isuritako gas kantitate handiena industriatik eta energiaren sektoretik datorrela kontuan hartuta, zer egingo du Jaurlaritzak arlo horretako igorpenak gutxitzeko? Industria eta findegi kutsatzaileenak ixteko bide orririk prestatzen ari al da? Sinesten zaila ematen du pentsatzeak, adibidez, Petronor ixtea hausnartzen ari direla administrazioak, kontuan izanda Espainiako Gobernuak, Jaurlaritzak eta Bizkaiko Diputazioak eredugarri jo izan dutela Euskal Herriko enpresa kutsakorrenaren jarduna. Baina, halakorik egin ezean, zer?

Gobernuek ez ezik, herritarrek ere hartu beharko dituzte klima aldaketaren aurkako neurriak. Eta azken egunotan auziaz mintzatu direnei ahaztu egin zaie aipatzea klima aldaketaren aurkako borrokak erabat auzitan jartzen duela egun gobernu gehienek sustatzen duten eredu sozioekonomikoa: mugarik gabeko hazkunde ekonomikoak eta kontsumoak eragin dute atmosfera kutsatzea eta berotzea. Klima aldaketari buruzko teorialariek bi graduan ezarri dute mugarria: atmosfera gehiago berotuko balitz, ondorioak ezin aurreikusizkoak lirateke. Baina planetako biztanle guztiek herrialde aberastuetako pertsonen kontsumoa edukiko balute, aspaldi legoke gainditua muga hori.

Horrek esan nahi du herrialde aberastuetan egun ezagutzen ditugun bizimoduek ezingo dutela iraun, mundua berotzea eragotzi nahi izatekotan. Eta, oraingoz, halakorik ez dute ohartarazi gobernuek, estrategiak eta helburuak aurkeztu dituztenean. Neurriak hartzea bezain garrantzitsua izango baita abagunea prest izatea, neurriotarako unea heltzen denerako.

Hortaz, klima aldaketaren aurkako estrategiaren ondorioez mintzatzeko garaia hurbiltzen ari da. Izan ere, agintari politikoek ez dute azaldu, adibidez, industria batzuk —tartean erregai fosilena—desagertu beharko direla, eta beste askoren irabazi asmoak mugatu beharko direla. Herritarrek gutxiago kontsumitu beharko dutela, eta beharrezkoak ez diren produktu askori uko egin beharko dietela, horrek erosotasun apur bat galtzea ekarriko badie ere. Elikagaiak garraiatzean isuritako kutsadura murrizteak supermerkatuko apalak hustea ekarriko duela: ez direla egongo ehunka jogurt mota, eta elikadura sasoiko produktuetara mugatuko dela berriro. Pertsonen mugikortasuna ere gutxitu beharko dela, eta herritarrek auzitan jarri beharko dutela beren bidaia kopurua eta oporretarako eredua. Hiriak eta herriak, denboraren erabilerak, lanak eta enpleguak, pertsonen arteko harremanak eta abar eraldatu beharko direla, irauteko. Klima aldaketari aurre egiteko estrategia deshazkundea izango dela, edo ez dela izango.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.