gotzon hermosilla
ANALISIA

Kukutza, hiru urte eta erdi geroago

2015eko urtarrilaren 25a
00:00
Entzun
Datorren asteazkenean hasiko da Kukutza III gaztetxearekin loturiko epaiketa nagusia, Bilbon. Orain arteko auzibideetan Kukutza hustu ondorengo istilu eta protestaldiak epaitu dituzte —iturri hori ez da agortu; beste hogei lagun daude epaiketaren zain aipatutako protestaldiak direla eta—, baina oraingo auziak arazoaren muinari helduko dio, epailearen aurrean pasatuko diren 23 gazteei eraikina «usurpatzea» egozten baitiete.

Denborak bakoitza bere lekuan jartzen duela esan ohi da, eta, kasu honetan behintzat, interesgarria da atzera begiratzea eta Kukutzaren kontrako erasoa justifikatzeko erabili ziren argudioak zertan gelditu diren ikustea. Esate baterako, orduan esandakoari kasu egitera, eraikinaren jabe zen Cabisa enpresaren egitasmoak ezinbesteko egiten zuen gaztetxea eraistea. Etxebizitzak eraiki behar omen zituen Cabisak orube hartan, horretarako eskaera egina ei zuen, eta, beraz, premiazkoa zen eraikina hustea. Eta botatzea, jakina, etxebizitzak egingo bazituzten.

Denborak hutsean utzi du argudio hori. Presa handia zegoen, bai, baina hiru urte eta erdi pasatu dira, eta orubeak berdin dirau. Han ez dute ezer eraiki, eta ez du ematen datozen hilabeteetan ezer eraikiko dutenik.

Garai hartan txitean-pitean erabilitako beste argudio bat: Kukutzaren jatorrian okupazioa zegoen, «legez kanpoko ekintza bat», eta, hortaz, ezinezkoa zen ezer negoziatzea edo akordio batera iristeko ahaleginik egitea. «Udalak jabego pribatua defendatu behar du; osterantzean, bihar gure etxean sartuko dira, eta normaltzat hartu beharko dugu», adierazi zuen orduan Iñaki Azkuna alkateak.

Arrazoibide horretaz ere badago zer hausnartu. Historikoki, instituzioek ez dute jarrera bakar eta homogeneo bat izan okupazioaren inguruan. Erakunde batzuek konfrontazioaren aldeko hautua egin dute, beste batzuek laissez faire moduko bat erabili dute, eta egon dira legeak eskaintzen dituen zirrikituak baliatu eta okupatzaileekin negoziatzea, akordioak lortzea eta are elkarlanean jardutea ere hobetsi duten instituzioak, udalak batez ere.

Hori gauza jakina zen Kukutza bota zutenean, baina denbora tarte honetan errealitateak argiroago erakutsi du Ertzaintza bidaltzea ez dela instituzioek har dezaketen jokabide bakarra. Bizkaitik atera gabe, Sestaoko Txirbilenea kulturguneak bi urte luze eman du lanean, udal gobernuaren oniritziarekin edo, behintzat, kontrako jarrerarik gabe; Itzubaltzeta gaztetxeko kideek akordioa lortu zuten Getxoko Udalarekin, Gobela erreka bideratzeko lanek iraun bitartean ekitaldiak udal lokaletan egin ahal izateko; eta Gernikan, hor dago Astra izeneko egitasmo interesgarria, Jaurlaritzaren eta Gernikako Udalaren babesa izan duena.

Aldeak alde, hiru kasuetan okupazioa dago proiektu guztien sorreran, eta instituzioekiko harremanak ez du zalantzan jarri proiektuen autonomia eta autogestioan oinarritutako funtzionamendua. Baina Sestaon, Getxon eta Gernikan posible izan dena ezinezkoa izan zen Bilbon.

Azkunaren akatsen artean ez zegoen ahoan legarrik edukitzea. Argi mintzatu zen esan zuenean Kukutzak ordezkatzen zuena etsaitzat hartzen zuela eta kontrajarrita zegoela Bilborako nahi zuen proiektuarekin. Beharbada, hor zegoen gakoa, bestelako argudioak gorabehera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.