ASTEBETE

Oroitzapena eta ahanztura

Pello Urzelai.
2007ko apirilaren 21a
00:00
Entzun
Durango, Gernika, Intxorta... duela 70 urteko gertaeren oroitzapena bizirik gordetzea eta zaintzea, beharrezkoa ez ezik, justiziazkoa da, bai orduko biktimen duintasunaren ikuspuntutik bai historiaren ikuspuntutik. 1936ko gerrako sarraski eta bidegabekerien oroitzapena eta aitortza berandu etorri da, kasu askotan beranduegi. 40 urteko frankismoaren ondoren, erdibideko trantsizioa izanak zerikusi handia du ahanzturak hainbeste urtez irautearekin. Horren lekukoa da Espainiako Kongresua aztertzen ari den Memoriaren Legea. Espainiako Kongresurako lehen hauteskundeak 1977an egin ziren. Kongresuak 30 urte behar izan ditu gaiari heltzeko. Horrek bakarrik erakusten du erregimen berriak erregimen zaharraren zenbaterainoko zama eraman behar izan duen bere gainean. Espainiako Estatuaren agintegune jakin batzuetan --polizi indarrak, armada, justizia...-- trantsizioa azalekoa izan zen (edo ez zen izan). Hor dago gakoetako bat memoriaren bahiketa azaltzerakoan. Euskal auzian, nabarmen agerikoak dira hutsune demokratiko hori eta bere ondorioak, gatazkaren iraupenean zein oroitzapenaren bahitzean. Bidegabekeriaren eragile nagusiak dira edozein aitortzarako oztopo. Zigorgabetasunari eutsi diote azken urteotan, modu batean edo bestean. BVE, GAL eta antzeko taldeen gaineko ardura ez du inoiz hartu bere gain estatuak. Are gehiago, aginte judizialak bermatu du estatuko estoldetatik bideratutako hilketa eta atentatu haiek ez jotzea terrorismotzat. Halaber, estatuak, sistematikoki, ukatu egin du tortura, baita horren aztarnak begi bistakoak izan direnean ere. Sistema judizialak erantzukizun handia du gaur arte dirauen errealitate gordin hori estaltzeko orduan.

Memoriaren Legeari buruz, PSOEk eta IUk hitzartu berri dute frankismoko epaiketak bidegabe edo legez kontrakotzat jotzea. Zenbat urte beharko dute bidegabekotzat jotzeko Auzitegi Nazionalak torturapeko adierazpenetan edo aurreiritzietan oinarrituta egindako epaiketak?

Jatorri jakin bateko indarkeria eta bere ondorioak estaltzeak bi ondorio nagusi ditu. Batetik, maila ezberdineko biktimak sortzea. Bestetik, gatazkaren konponbideari begira distortsioak sortzea. Eusko Jaurlaritzak inbertsio handia egin du ETAren biktimen aldeko biharko omenaldian. Baina ez du ahaleginik egin biktima guztiak kontuan hartzeko. Baliteke orain posible ez izatea biktima guztiak kontuan hartuko lituzkeen omenaldi bat egitea --indarkeria oraindik ez baita guztiz desagertu--. Baina omenaldi partzial batek bereizketa areagotzen du. Eusko Jaurlaritzak gogoeta interesgarria egin zuen 2005ko azaroan, Mikel Zabalzaren heriotzaren 20. urteurrenean. «Gizarte gisa zordun gara pertsona askorekin. Batez ere biktima izan direnekin eta horretan biktima guztiak biktima dira, berdin delarik nork eragin duen jaso duten kaltea. Indarkeria indarkeria da, talde batek zein besteak eragin, terrorista batek nahiz legea hausten duen funtzionario batek eragin». Gogoeta hori egin ondoren, Eusko Jaurlaritzak aitortu zuen biktimen artean bereizketak gertatu direla. «Ezin da bereizketarik egin. Baina, tamalez, askotan bereizketak gertatu dira». Igandeko ekitaldia, baina, ez dirudi bereizketak saihesteko bidetik doanik.

Gatazkaren konponbideari begira, ETAren biktimen aldeko ekitaldiak ikuspegi jakin bat elikatzen du: indarkeria bakarra ETArena dela eta bakea ETAren desagerpena dela irudikatu nahi duen ikuspegia. Igandeko ekitaldiak, nahita edo nahigabe, irudikatuko du biktima bakarrak edo nagusiak ETArenak direla. Une honetan, gainera, ikusmolde horrekin ari dira jokatzen diskurtso publikoan Espainiako Gobernua, PSOE eta EAJ. Hori egiten ari dira konponbide prozesu bat egotea edo ez egotearen giltza ETAren pauso jakin batzuetan jartzen dutenean. ETAren indarkeria desagertu gabe ezin izango da konponbidera iritsi, baina, ziurrenik, horrekin bakarrik ere ez. Gatazkaren dimentsio osoa kontuan hartzeko konpromiso argirik gabe zaila da konponbide prozesu bat abian jartzea.

Hauteskundeen atarian. Konponbide prozesua eraiki daitekeen edo ez ikusteko giltzarri izango dira datozen foru eta udal hauteskundeak. Prozesua desblokeatzeko alderdien arteko oinarrizko akordio politiko bat bilatu du ezker abertzaleak, Anaitasuneko proposamena kaleratuz eta alderdiei horren inguruan adostasunerako eskaintza eginez. ETAk, bitartean, su-etenari eutsi dio baina erakutsi du nahi izanez gero prest dagoela borroka armatuarekin jarraitzeko. Espainiako Gobernuak, PSOEk eta EAJk ezker abertzalearen gaineko presioa areagotu dute, ETAren aldetik ageriko konpromiso berri bat lortzeko asmoz. Horretarako, hauteskundeak eta legez kanporatzea erabili dituzte. Baina epe luzera, ezker abertzalea amildegiko ertzean jartzeko estrategia hori arriskutsua da. Ate guztiak ixteak prozesua egiteko borondaterik eza adierazten baitu.

Espainiako Gobernuak aukeratu beharko du itxaropenari eutsi nahi dioen edo ez. 2005ko apirileko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan, Espainiako Gobernuak eta fiskaltzak lege arauak muturreraino eraman zituzten ezker abertzalearekin zerikusirik ez zeukaten pertsona batzuek osatutako Aukera Guztiak izeneko zerrendak legez kanporatzeko. EHAKren zerrendekin gauza bera ez egiteak, ordea, aurrera begira konponbide prozesu baten aldeko apustu gisa interpretatu zen. Orain ate guztiak ixtea alderantziz ulertuko litzateke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.