Darwin eta gu

Pazientzia, lagunok

Pastor
2010eko irailaren 25a
00:00
Entzun
Abuztuaren 31n lau kolono judu hil zituzten ekintzaile palestinarrek Hebrondik hurbil. Biharamunean, hauxe idatzi zuen Madrilgo egunkari batek: «Palestinak atentatua gaitzetsi du. Salam Fajad lehen ministroak esan duenez, interes palestinarren kontrakoa da». Fajaden hitzetan ez zen gaitzespenik agertzen, atentatua interes palestinarren kontrakoa zela baizik. Espainiako egunkariaren arabera, aldiz, nahikoa zen. Bitxia da, zeren hedabide horrek oso gogor jarduten du ezker abertzalearen kontra, indarkeria gaitzesteko behin eta berriro eskatuz. Bide politiko demokratiko hutsak erabili behar direla esatea ez da nahikoa. Fajadentzat balio duenak ez du deus ere balio gurean. Palestinan bakea lortzeko malgutasunez jokatu behar da. Euskal Herrian, ostera, ez.

ETAk nazioarteko bitartekariekin elkartzeko borondateaazaldu berri du, baina hori ez omen da ezer. Espainiarrentzat irtenbide bakarra dago: indarkeria gaitzetsi, armak entregatu. Orain, gaur. Hala ere, badakite nazioartean ez dela halakorik gertatu, ez gaitzespenetan, ez armak uzteko epe eta moduan.Korsikarrekin negoziatzen hasi aurretik aurrebaldintza bat ezarri zuen Frantziako lehen ministro Lionel Jospinek 1999ko irailean: independentistek borroka armatua gaitzestea. Abertzaleek onartezintzat jo zuten. Urte hartako azaroan atentatu uholdea izan zen uhartean. Jean Guy Talamoni independentistak ez zuen gaitzetsi. Abenduaren 13an, Jospinek gaitzespenaren aurrebaldintza baztertu eta Korsikako hautetsi guztiak hartu zituen Parisen. Haien artean Talamoni zegoen, atentatuak arbuiatu ez zituena. Matinongo elkarrizketen hasiera izan zen. Jospini kritika ugari egin zioten, eta Michel Rocard sozialista eta lehen ministro ohiak hauxe esan zuen haren defentsan: indarkeria gaitzesteko aurrebaldintza inposatzen dutenek ez dute benetako borondate politikorik auzia konpontzeko; aitzakia bat besterik ez dute nahi berbarik ez egiteko. Gerry Adamsek antzeko arrazoiak azaldu zizkion behin egunkari honi, Irlandari buruz mintzo: «Gaitzespena exijitzen dutenek aurkari politikoaren umiliazioa nahi dute, besterik ez».

Bestalde, Irlandan ez zuten desarmea izan arte itxaron, bake prozesua hasteko. IRAren su-etena 1997. urtean jarri zen indarrean, eta Ostiral Santuko Akordioak 1998an sinatu ziren. Hiru urte igaro ziren armak erabileratik at uzteko prozesua hasi arte. Nazioarteko begiraleen lehen ikuskapena 2001eko urrian izan zen, eta bigarrena, 2002ko apirilean. Handik urte eta erdira elkartu ziren berriro IRA eta begiraleak. 2004an, IRAren armei argazkiak egiten utziko ez zutela esan zuten errepublikanoek, unionistei haiek umiliatzeko biderik ez emateko. IRAk 2005eko uztailaren 28a arte ez zuen amaitutzat jo borroka armatua, 1997tik su-etenean egon arren. Egun hartako agiri historikoan «soilik bide baketsuak» erabiltzeko esan zien militanteei. Irailean desarmea erabat egina zela esan zuten begiraleek. Su-etena hasi eta zortzi urtera.

Horrek ez du esan nahi hemen hala izan behar denik, edo prozesuak arinago joan behar ez duenik,baina denborari berea eman behar zaio. Bide luzea izango da, bakea benetan lortuko bada, baina merezi du. Saria ez da makala. Bobby Sandsen hitzek ezin hobeto azaltzen digute Belfasteko muraletan: «Gure mendekua gure seme-alaben barrea izango da». Pazientzia, jaun-andreok. Pazientzia, baina ekin lanari. Aitzakiarik gabe. Gure, zuen seme-alabak zain ditugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.