Pepe Reiren heriotza. IRITZIA

Pepiño

Jabier Salutregi Mentxaka
2021eko martxoaren 10a
00:00
Entzun
Ez zen hunoen erregea, baina hura nondik pasatu, hantxe uzten zuen arrastoa, eta ederki uxatzen zituen boteretsuen ustelkeria eta trikimailu makurrak. Pepe Rei oso pertsona berezia zen, gogoz kontra bazen ere, eta zelten tema zeukan bere ideia sendoak defendatzeko orduan; hain zuzen, sinetsita nago bere irmotasun idiosinkratikoa —galiziarra— erabiliz itxaron duela Galindo jenerala hil arte berak ere betiko alde egiteko, eta, beraz, kazetaritzako izarren mundura betiko sartzeko.

Ez naiz zehatz-mehatz oroitzen noiz eta non estutu nion eskua lehenbiziko aldiz Pepiñori, baina gogoan argi baino argiago daukat ez zegoela ez hondamendirik eta ez kataklismorik esku estualdi harekin hasitako adiskidetasuna hauts zezakeenik; seta nekaezinez aritzen zen bere ideien alde, eta ez zuen inola ere onartzen auzitan jartzea egokia ote zen beren lanak argitaratzea, baina seta hark ere ezin zuen ezertxo ere egin gure adiskidetasunaren kontra. Nekeza zen hura konbentzitzea, eta, beharbada horregatik, galiziar adixkideaz pentsatzean, aurrena burura datorkit hura eskaileretan gora zebilela beti, eta hura gertu-gertutik ezagutzeak, norberarekin egunero-egunero lan egiten dutenak soilik ezagutzen diren moduan ezagutzeak, zaildu egiten zintuela, eta izerdi ederrak aterarazten, baita neuronetatik ere.

Reik borroka egin zuen beti. Kazetari mota berezi batekoa zen: harentzat, informazioa ez zen prentsa agentzien, komunikatuen eta prentsaurrekoen bitartez erredakziora bidalitako mezuak zabaltzeko bide bat. Haren mundua, hain zuzen, isiltasun informatiboaren atzean zegoen: boterearen bide bihurriak dauden toki horretantxe, non ezer ez den jakinarazten, non kazetaritzako profesionalak isilarazten dituzten, inork jakin ez dezan nolakoa den ustelkeria eta delitugintza sistematikoa, botere politikoaz baliaturik aberasten direnen eskuetan. Haren helburu profesionala zera izan zen beti, albiste bereizgarri, bere-berezko eta propioa aurkitzea, eta horrek bere izaera eta ukitu berezia eman zion Egin-i gainerako egunkarien aldean. Beharbada, ukitu bereziegia, ezer onik ekartzeko: izan ere, susmoa dut Pepiñoren eta haren ikerketa talde alegeraren lanen «errua» izan zela, hein aipagarri batean bederen, Ardanzaren eta Atutxaren gobernua hainbeste amorraraztea, eta, azken batean, haiexek zabaldu eta zelaitu zuten bidea berrehun polizia nazional handik pasa zitezen, Baltasar Garzonen aginduz, Hernaniko egunkaria ixteko. Areago: nire ustez, Pepiñok Eusko Alderdi Jeltzalea ederki astindu zuenetik hala «txanpon makinen» auziarekin nola jeltzaleen «azpilanei» buruzko hainbat artikulurekin, EBBk eraitsi beharreko etsaien zerrendan sartu zuen galiziar definigaitz hura. Hain zuzen, haren lan zehatz eta etengabeak min egin zuen batzokietan, hainbesteraino non EAJko gaztedi zaharrak amorruz eta lotsagarriro jazarri zion Pepe Reiri jendaurrean, eta paskinez bete zuen Euskal Herria lelo higuingarri batekin (Pepe Reik apuntatu, 'Egin'-ek seinalatu, eta ETAk hil, oker ez banago). Horra hor, erakusgarri, zer den gorroto delitu bat ikertzeko eta zigortzeko modukoa.

Azkenean, joan zaigu nire adixkide Pepiño maitea, ikerketa kazetarien leinu gogoangarriaren parte («gure Vinader»), izaera handiko profesionala eta gutako askoren maisua, eta haren bizi oroimenak baizik ezin gainditu dezake utzi digun tristura. Egin gabe geratu zitzaigun bilera bat, elkarrekin arituta beste proiektu bat planteatzeko, baina 2002ko abuztu hartan zu bezala hautsi ziren asmo haiek. Geroztik, Pepiño, guztiok sumatu dugu zure kemenaren falta, eta zure egoskorkeriarena ere bai. Atzo hasita, zure lagun Mirenek eta zure seme-alabek gogoan iltzatuta gordeko dituzte zure bizitza jori gogorraren, arrunt gogorraren atal guztiak. Kontrako oldarren gainetik eta azpitik, kemenez eta ausardia bipilez heldu zenion bizitzari. Merezi izan du zu ezagutzea, kanpotik eta barrendik. Atzo, beste denbora batean askotan bezala, gogora etorri zitzaidan: «O carallo vintenove...».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.