Hasi dira bilerak Brasilgo legebiltzarrean. Bozen ostean aurpegi berriak agertu dira ganberan, haietako batzuk oso ezagunak herrialdean: Romario futbolari ohia, Acelino Popo Freitas boxeolaria izandakoa, Big Brother programako protagonista bat… Baina oihartzun mediatiko handiena Francisco Everardo Oliveira Silvak lortu du. Tiririca izen artistikoaz ezaguna da Oliveira Silva, eta pailazoa dugu. Haren mezuak sostengu handia jaso du Sao Paulo estatuan, milioi bat boto baino gehiago bereganatu dituelako. Hauxe izan da haren kanpainaren leloa: Orain baino okerrago ezin.
Pailazoa legebiltzarrean. Parlamentari hautatu berriari analfabetoa izatea leporatu diote aurkariek, eta Tiriricak azterketa bat egin behar izan du irakurtzen eta idazten badakiela frogatzeko. Proba gainditu du, mihi gaiztoek kostata izan dela dioten arren. Europan inori ez zaio halako frogarik eskatzen. Denok omen dakigu idazten eta irakurtzen. Analfabetismo kultural eta linguistikoa eta hari lotutako gorrotoa eta maltzurkeria, aldiz, ez dira desagertu.Kirol munduan egunotan izandako bi gertaera ditugu adibide.
Igandean Gironako entrenatzaileari aurre egin zioten Huescan, Kataluniako hedabideei katalanez erantzuteagatik. Raul Agne katalan hiztuna da, eta aragoitarra jaiotzez, Mequinensakoa. Herria Franja de Ponent delakoan dago, katalanez egiten den Aragoiko eskualdean. Estatistiken arabera,hantxe ematen da katalanaren ahozko ezaguera handiena, herritarren %88k egiten dutelako katalanez. Paradoxa: portzentajean katalanaren ahozko ezagutza non izan handiena eta Kataluniatik kanpo, herri txiki horietan. Mequinensako Udalaren web-orria gazteleraz idatzita dago, baina bertan argi uzten dute gaztelera hizkuntza ofiziala bada ere, ama hizkuntza eta kale hizkuntza katalana dela. Bertakoa zen Jesus Moncada idazlea. Agnek Huescakoak bezain aragoitarra dela esan du, katalanez egin arren, baina hangoek baztertu nahi izan dute, Aragoiko herri horretako biztanleen ama hizkuntzaz mintzatzeagatik.
Euskal Herrian ere ika-mikak. Jose Luis Mendilibar Osasunako entrenatzaile berria hedabideei euskaraz erantzuten hasi denean, Patxi Izko presidenteak euskaraz esandakoa itzultzeko eskatu dio. Euskaraz galdetu duen kazetariari ironia maltzurrez aritu zaio Izko: «Bazeneukan gogoa euskaldun bat etortzeko, ezta?». Izko jauna, bistan da, ez da oso eroso sentitzen inguruan euskara entzuten duenean. Bere hitz egiteko eran eta berbak aukeratzeko moduan antzematen zaio. «Euskaldun bat etortzea».Nafarroan euskaldunak sioux modukoak dira, erreserbetan ondo gordeak, ofizialtasun mugatu eta guztiz irrealaren esparruan. Urdiain edo Arbizuko euskaldunak jasan beharreko anormaltasuna dira, nonbait. Alien taldea, nafarkeria espainolistaren defendatzaileen ustez. Etxepare eta Axular, euskal literaturako erreferentzia historiko handienetakoak, nafarrak zirela ere ez dakite. Edo ez dute jakin nahi. Horiek ere anormalak ziren Nafarroan.
Izko jauna eta bera bezalakoak pozik egongo dira Nafarroako Parlamentuak ez duelako onartu euskara ofiziala izatea. Euskara ofiziala? Halakorik ere! Ofizialtasuna eskatzea politika egitea dela argudiatu dute proposamenaren aurkakoek. Pailazorik agian ez, baina analfabeto kultural linguistiko maltzur askotxo bai, gure politikarien artean. Arrazoi du Tiriricak. Orain baino okerrago ezin. Nekez.
Darwin eta gu
Tiririca
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu