Zerga iraultzailea eskatzeari utzi egin diola jakinarazi du ETAk. Albiste pozgarria da, gurean den indarkeriaren alde bat desagertzeko bidean dagoela erakusten duelako. Enpresarien buruak itxaropentsu azaldu dira, eta «beste terrorismo mota bat» ere baztertzeko eskatu dute, enpresari txikien aurkakoa: mehatxuak, pintadak, eta abar.
Enpresariek erantzukizun sozial bat dute —erakundeek eta beste eragileek bezala—, eta horrek bi alde ditu haien kasuan: batetik, lana sortzen dute; bestetik, etekinak lortzen dituzte. Inork ez du enpresarik sortzen dirua galtzeko. Inozokeria litzateke. Arazoa hauxe da: noiz egiten duten talka erantzukizun sozialak eta etekin nahiak; batzuen diru gosea inoiz asetzerik ote dagoen. Zuk enpresa bat baduzu, oso ondo dabilena eta dirua ematen dizuna, baina beste leku batera badaramazu gehiago irabazteko, non uzten duzu erantzukizun soziala hazkundean lagun —lanpostuen truke, ados— izan dituzun herritarrekiko.
Enpresarien kolektiboak arrazoi du bere interesei begiratu eta «beste terrorismo mota bat» desagertzea nahi duenean. Enpresariak ez diren beste eragile sozial batzuk ere zuzen daude beste indarkeria mota batez kexu direnean. Lehengoan Slavoj Zizek filosofoak «terrorismo administratiboa» aipatu zuen egunkari honetan eginiko elkarrizketan. Alegia, zer gertatzen den munduan «munduan ezer gertatzen ez denean». Zer gertatzen den ETAk enpresariak mehatxatzen ez dituenean. Terrorismo ekonomikoa desagertzen da?
Ez dago dudarik: zerga iraultzaileak ez ditu enpresari asko motibatu aurrera egiteko, baina hori aitzakia moduan erabili duenik ez dagoela pentsatzea ergelkeria da. Orain aukera ezin hobea dute gure enpresariek erantzukizun sozialari eusteko, ETAren mehatxurik gabe: deslokalizaziorik ez egiteko,langileek urteetan lortutako eskubideen kontra ez egiteko —hori ere kontratu sozialaren zatia da—, kaleratze mozorroturik ez egiteko, legea bete eta lan osasunaren aldeko neurriak ezarri eta errespetarazteko…
Enpresariei ez zaie eskatzen Giangiacomo Feltrinellik bezala jokatzeko, jatorri aristokratikoari uko egin eta, argitaletxe aitzindari bat sortzeaz gain, iraultzaren aldeko bonbak jartzen hiltzeko. Lekutan daude Italiako langileek Fiat edo Pirelliko jauntxoen kontra 60ko hamarkadaren bukaeran egiten zituzten zigor ekintzak. Enpresariei ez zaie eskatzen lelo marxista besarkatzea: bakoitzak bere gaitasunaren arabera, bakoitzari bere beharren arabera. Kontua errazagoa da. Antonio Gamoneda poeta espainiarrak zorrotz azaldu zuen duela gutxi: «Akats humano handiena enpatiarik eza da, gizakiak hauxe pentsatzea: hor mundu bat dagoela eta hortik ahalik eta etekin handiena atera behar duela. Gizaki hori berea ez den oinazeari sorgor izatea».
Hemengo hedabide gehienen edizio digitaletako albiste nagusia printze baten semearen ezkontza izan zen atzo. Espainian, Madrilek administratutako Euskal Herria barne, ia bost milioi langabe daudela bigarren mailako albistea genuen. Barkatu esatea, baina gizartea, zeharka izan arren, hala narkotizatzea ere indarkeria da. «Zergatik ez duzu neska-lagunik?» —galdetu zion lehengoan tabernan mutil batek lagunari—, «hipoteka edo alokairua erdi bana ordainduko zenukete». Neska batekin hasi etxea ordaintzeko. Krisiak erromantizismoa hiltzeraino eraman gaitu, baina ez beti: William eta Kate ezkondu egin zaizkigu. Hara! Erdi bana ordainduko dute alokairua?
Darwin eta gu
William & Kate
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu