ANALISIA. KANTONAMENDU HAUTESKUNDEAK. Arrosak arantzak ere baditu

ENEKO BIDEGAIN
2004ko martxoaren 30a
00:00
Entzun
Uhin arrosak Pirineo Atlantikoetako Kontseilu Nagusia ere ziliportatu du. UDFk eta UMPk, bien artean, beti nagusitasuna daukate, baina PSk inoiz baino kontseilari nagusi gehiago lortu ditu. Abertzaleak giltza izan dira Jerome Agerre, Monique Larran-Lange eta Frantxoa Maitiarentzat. Nahiz eta parean zituzten hautagaiek Bateraren aldarrikapenak sostengatu eta Jean-Rene Etxegarai Baterako kide izan, politikan hori ez dela aski frogatu da. Abertzaleen gehiengoa ezkerrekoa da Ipar Euskal Herrian, eta Etxegarairi Frantziako Gobernuaren politika sostengatu izana ordainarazi diote. Langabeen eskubideen murrizteak, erretretaren erreformak, segurtasun politika errepresiboa eta abar zigortuz, abertzaleek erakutsi dute haientzat politika ez dela eskakizun nazionaletara soilik mugatzen.

PSk gora egiteak ez ditu, baitezpada, Bateraren aldarrikapenak lagunduko.Eskuineko hautetsien baitan bezala ezkerrekoen baitan ere, departamenduaren aldekoak eta aurkakoak badira. Sozialisten baitan, Bateraren aldarrikapenen aurkari sutsua, jakobino porrokatua, indarturik atera da igandean. Jean Espilondoren emaitza onak ez dio mesederik eginen alderdiaren baitan euskal departamenduaren aldeko jarrera nagusitzeari. Jerome Agerre Bateraren aldarrikapenen alde agertu zen joan den astean, abertzaleen bozak baitezpadakoak zituela ulertu zuenean. Ez du zehaztu euskal departamenduaren alde dagoen. Erreferendumaren alde dago, baina ez dakigu erreferenduma antolatzen balitz zeren alde agertuko litzatekeen.Hiru urteren buruan, egun hauetako olde berriaz baliaturik, frantses ezkerrak Baionako Herriko Etxea hartu nahi badu, abertzaleen sostengua derrigorrezkoa izanen du. Abertzaleak erne egonen dira Baionako kontseilari nagusi berriek Pauen erakutsiko duten jarrerari begira. Biarnoko sozialistak ez dira euskal departamenduaren aldekoak. Kantonamendu bozetarako, Jerome Agerre Philippe Casenave departamenduzaleari nagusitu zitzaion PSren barne bozketan. Laster argituko da PSko hautetsi berriek Angeluko biboteduna ordezkari duen arantza ala lore-hostoa hautatuko duten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.