ANALISIA. Uliatik Jaizkibelera

inaki petxarroman
2008ko apirilaren 17a
00:00
Entzun
Ulian oinezkoentzako pasealekua eraikitzearen aurka agertu da Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Saila. Kostaldea babesteko eta gizakiak oraindik eraldatutako inguruneak zaintzeko beharra aipatu du Ingurumen sailburu Esther Larrañagak, eta gogoratu du Jaurlaritzak onartutako Lurralde Plan Sektorialak bereziki eta zorrotz zaintzeko gune izendatu duela pasealekua egin nahi duten ingurunea.

Donostiako Udalak eta Espainiako Ingurumen Ministerioak, ordea, egitasmoa bultzatuko dutela, eta lanekin aurten bertan hasi nahi dutela iragarri dute. Horrela, joko zelaia ondo markatu nahi izan diote Jaurlaritzari.

Iragarpena egitean Euskal Herrian zeinek agintzen duen argi utzi dio berriro ere Espainiako Gobernuak Eusko Jaurlaritzari. Izan ere, Ibarretxeren gobernuak Uliari eskainitako lege babesaren gainetik, nahi duena egin dezakeela erakutsi du Ingurumen Ministerioak. Are gehiago, haren alderdiko ordezkariak -Odon Elorza, kasu honetan bezala- politikoki indartzeko balio badu.

Eusko Jaurlaritzaren argudioen sendotasuna aski mugatua da, gainera, Jaizkibelen egin nahi duten kanpoko portuaren inguruan duen jarrera dela eta. Izan ere, bai Jaizkibel eta baita Ulia ere Europako Interes Komunitarioko Gune dira, eta biak ageri dira zorrotz babestu beharreko toki gisa Jaurlaritzaren Lurralde Plan Sektorialean. Eta hori bera gogoratu dio Odon Elorzak Larrañagari: «Gogoeta egin dezala sailburuak Pasaiako kanpoko portuak Jaizkibelgo ertzean izango dituen eraginei buruz».

Esther Larrañaga Pasaiako egitasmoaren aurkako iritziak agertu izan ditu. Baina portu berria Eusko Jaurlaritzaren lehentasunezko proiektua da, eta EAEko lehendakari Juan Jose Ibarretxek berak adierazi du Gobernuak osoki babesten duela azpiegitura hori. Zeresanik ez dago -Elorzak dioen bezala- kanpoko portuak askoz ere kalte handiagoa egingo lukeela Jaizkibelgo itsaslabarrean Monpasko pasealekuak Ulian baino. Horregatik, Donostiako proiektuaren aurkako jarrera sinesgarriagoa litzateke Jaizkibelen jokaera bera edukiko balu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.