Hondarribiko aireportuko pista, Europako Batasunak ezarritako segurtasun baldintzetara egokitzeko, 300 metro mozteko tramiteak hasi ditu Espainiako Aireportu eta Aire Nabegazio AENAk, eta horrek bazterrak inarrosi ditu Gipuzkoan. Izan ere, txikiegi geratuko litzateke pista, eta praktikan turbohelizeek baino ezingo lukete erabili. De facto-ko «heriotza agiria» izango litzateke hori aireportuarentzat, atzo aireportuko ordezkari batek modu grafikoan adierazi zuenez.
Aireportuko pista segurtasun baldintzetara egokitu behar zelaaspaldi zekiten erakundeek, eta, hala ere, gogor kritikatu dute AENAren erabakia. Euskal Herriko eta Gipuzkoako erakundeek ados jarri behar dutela, eta aireportuaren etorkizuna bermatuko duen proposamena eraman behar dutela Madrila. Horixe, laburbilduta, hainbat erakundek atzo eman zuten mezua.
Denek dakite, baina, oso irtenbide zaila duela Hondarribiko aireportuak. Segurtasun baldintzak bete egin behar dira. Handitzeko aukera bakarra, berriz, Hondarribiko Mendelu auzoa botatzea litzateke. PPren gobernuak egin zuen proposamen hori, eta Eusko Jaurlaritzak eta Gipuzkoako Aldundiak gogor kritikatu zuten. Baina, PSOEren gobernuak pista mozteko beharra aipatu zuenean, Aldundiak berak egin zuen pista Mendelu auzorantzat 300 metroz luzatzeko proposamena.
Hondarribiko aireportuak espazio gabezi larria du. Gipuzkoako lurraldeak beste aireportu bat hartzeko eremu geografiko egokirik ez du. Baina, zergatik egon behar du aireportu bat Gipuzkoan?
Miarritze Hondarribitik 30 kilometro eskasera dago. Gipuzkoako agintariek urteak daramatzate Baiona-Donostia eurohiriari buruz hitz egiten. Mugaz gaineko elkarlana goratu eta txalotu dute hamaika aldiz. Baina Miarritze Gipuzkoako aireportua izateko aukera aipatu izan zaienean, sutsu babestu dute Hondarribikoa. PSE-EEk berak esan izan du Gipuzkoa aireportuz inguratuta dagoela; Noain, Loiu, Foronda eta Miarritze hor dituela... Zergatikikuspegi abertzalea duten agintari politikoek ez dute hori praktikan jartzen?
Hondarribiko aireportuaren etorkizunaz erabakitzeko elkartuko dira hurrengo asteotan erakundeak. Ona litzateke eztabaidari heltzea Euskal Herri osoko ikuspegitik, eta praktikotasunetik. Zeren praktikoa al da muga administratiboak direla kausa, oso kilometro gutxitan zerbitzu bera ematen duten azpiegitura ugari izatea? Ezin al daiteke izan Miarritzekoa -Foronda, Loiu edo Noain- gipuzkoarron aireportua?
ANALISIA. Zergatik ez Miarritze?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu