Elkarren ondoan eseri dira autobusean, baina nabari da mutur-salda dagoela. «Halaxe egiten da Gabonetan. Egun batean, neskarenean; bestean, mutilarenean. Baina zurekin beti egin behar da zuk diozuna». Mutilak txokolatezko barra atera du ahotik. «Datorren urtean ikusiko dugu».
Tabakoaren kontrako legeak hainbat puntu ilun dituela esan dute ostalariek. Angel Gago EAEko ostalarien buruak azaldu ditu kexak: «Zer egin beharko dugu inor erretzen ikusten dugunean? Udaltzainei deitu? Horretarako daude udaltzainak?». Legearen ustezko anbiguotasuna ere salatu du Gagok, arauak soilik tabakoa aipatzen baitu: «Beste substantzia batzuk erretzea legezkoa dela esan nahi du horrek?». Ostalarien kezkak ez dira taberna barrura mugatzen. Legeak eskubideak urratzen ote dituen ere aztertu nahi dute. Hala izanez gero, neurriak hartzeko prest daude. Amnesty Internationalera joko dute? Human Rights Watchera?
Demagogia merkea. Ostalariak ez daude gure osasunaz edo eskubideez kezkatuta, beraien irabaziez baizik. Hori dela eta, legeen aurka ageri dira. Anarkistak ditugu. Inoiz ez diote poliziari deitzen; inoiz ez dute inor salatzen. Enroilatu koadrila. Inon ez dago legerik, hankak jatetxeko mahaien gainean jartzea debekatzen duenik. Hala ere, seguru nago lagun talde batek afalondoan hala jokatuko balu, eta ez egiteko eskariari behin eta berriro kasurik egingo ez balio, ostalari horietako askok ez luketela erreparorik izango, azken erremedio gisa, udaltzainei deitu eta haiek kanporatzeko. Berdin egingo lukete haien tabernetan sartzeko eskubide guztiz arbitrarioa merezi ez duenak alde egin nahi ez eta gogor egingo balie aurre. Zer egingo luke Gago jaunak bere jatetxe batean bi bezero larrutan aurkituko balitu komunean, trufa afrodisiakoen kalentoiak eraginda? Osakidetzaren bata jantzi eta kondoia erabiltzeko esan, kanporatu ala poliziari deitu?
Gagok iradoki duenez, tabakoa ez, baina beste «substantzia» batzuk erretzea legezkoa izan liteke lege berriarekin. Legezkoa izan edo ez, ez dut uste bera normalean egoten den taberna edo jatetxeetako bezeroek mekix asko sartzen dituztenik jende aurrean. Baina hori egiten badute, badakite haien eskubideen aldeko borrokalaria dutela aldameneko mahaian. Edo gaizki ulertu diot, eta Gagok soilik tabakoa baimentzea nahi du, eta beste substantziak kontsumitzea erabat zigortzea.
Beharbada, ostalarien burua zuzen dago, eta tabernetan erretzea debekatzea ez da premiazkoena. Nik ere, hori egin baino lehen, oinarrizko beste arau batzuk ezarriko nituzke, bezero erretzaileen eta ez erretzaileen eskubideak errespetatze aldera. Garbitasun eta higiene legeak, esaterako, ostatuetako mahaietako hondarrak eta orbanak kentzea arautzeko, kafearekin esertzen zarenean lasai egon nahi duzulako, ez Santimamiñeko pinturen aztarnak ikertu. Edo komunak beti garbi-garbi izan, xaboiarekin eta paperarekin —ez litzateke mandarina usainekoa izan behar-—, eta behar bezalako ate krisketarekin. Horrela, oinarrizko eskubideak bermatuko litzaizkiguke, Amnesty Internationalera jo barik. Horrela, ostalariek inoiz ez lukete bikote bat in fraganti harrapatuko, eta ez lirateke zalantza metafisiko hauen aurrean egongo: «Zer egingo dut? Horretan utzi, kolpeka hasi banantzeko, txakurrekin bezala, ala poliziari deitu?».
Neskak etsipen keinua egin du. «Eta datorren urtean elkarrekin segitzen ez badugu?».
Darwin eta gu. Jose Mari Pastor
Anarkistak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu