Fiskalak hiriko auzitegiari eskatu dio Egiluzi eginiko lapurretan ustez parte hartu zuten lau lagunak epai ditzala. Epaitegiak hilaren 22an jakinaraziko ditu egingo dituen hurrengo urratsak.
"Horrek ez du esan nahi fiskaltzak Hodei Egiluzen bilaketa behin betiko amaituko duenik. Etorkizunean, hura bilatzeko aukera oro aintzat hartuko da, eta pista oro ikertuko", adierazi du fiskalak.
2013ko urriaren 19an desagertu zen Hodei Egiluz Galdakaoko (Bizkaia) gaztea, Anberesen (Flandria). Ingeniari informatiko ziharduen Anberesko enpresa batean, eta lankideekin afaltzera atera zen; etxerako bidean lapurreta egin zioten, eta, ondoren, haren arrastoa galdu zen.
Erasoaren ostean, gaztearen irudiak jaso zituzten MAS museoaren inguruko segurtasun kamerek, eta lekukoek adierazi zuten Egiluzek laguntza eskatu ziela, norbait segika zuela-eta, baina lasai uztea erabaki zutela, nahastuta zirudielako. Ondoren gertatutakoaz ez dago arrastorik. 23 urterekin desagertu zen.
Ordutik, era guztietako ekimenak egin dituzte Egiluzen senideek eta Hodei Bila elkarteko kideek, ikerketa zabalik manten dadin. Europako zenbait etxe okupatutan haren bila ibili ziren, baina zeregin horretan aritu zirenek baztertu egin zuten halakoren batean egon zitekeela. Hainbat hiritako 70 etxe okupatutan aritu ziren haren bila, 39 egunez.
Desagerpenaren lehen urteurrenarekin bat eginez, berriz, Flandrian, Belgikan eta Herbehereetan zehar bizikleta martxa egin zuten, Egiluzen auziaren berri zabaltzeko.