Andoaingo (Gipuzkoa) kiroldegia ixtea erabaki du udalak asteazken honetan. Bertako langile batek positibo eman du PCR testa eginda, eta, erabiltzaileekin kontaktu zuzenik izan ez badu ere, udalak jakinarazi du instalazioak aldi baterako itxita egongo direla.
Donostiako Hegalak kiroldegiko jarduera batean ere positibo batzuk atzeman dituzte —ez dute zehaztu zenbat—. Kiroldegiak emandako informazioaren arabera, joan den astean detektatu zituzten, eta kasu «bakanak» izan dira. Ondorioz, ez dute kiroldegia itxi. «Egoera kontrolpean egon da, eta orain ere hala dago», nabarmendu dute kiroldegiko kideek. Halaber, erran dute positibo eman duten herritarren osasunari eman diotela lehentasuna eta osasun eta segurtasun neurriak zorroztu dituztela beste kasurik izan ez dadin.