Duela ia bi aste Andoainen (Gipuzkoa) 18 urteko emakume bat bortxatzen saiatu zen, jipoitu zuen eta konorte gabe utzi zuen ustezko erasotzailea atzeman zuen atzo Ertzaintzak. Atxilotua 17 urteko gizonezko bat da; erasoaren egunetik ihes eginda zegoen, baina bere burua entregatuko zuela jakinarazi zuen haren amak. Bada, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak azaldutakoaren arabera, 09:00 aldera atxilotu zuten atzo ertzainek, gaztea Donostiako epaitegietara hurbiltzen ari zela. Arratsaldean utzi zuten atxilotua Adingabeen Fiskaltzaren esku, eta gaztea Zumarragako adingabeentzako zentro itxian (Gipuzkoa) sartzea ebatzi zuen epaileak iluntzean.
Erasoa ekainaren 25eko goizaldean gertatu zen, herriko San Juan jaien abagunean. Andoaingo udaltzainek aurkitu zuten emakume gaztea, jipoituta eta konorterik gabe. Jipoiak zauri larriak eragin zizkion: garun edema zuen gazteak, eta masailezurra, hautsita; Donostiako Ospitaleko Zainketa Berezietako Unitatean eman zuen biktimak asteburua, eta ondoren, hainbat egunez, ospitalean egon zen.
Ertzaintzak ikerketa abiatu zuen orduan, eta ustezko erasotzailea identifikatu, biktimak emandako argibideetan oinarrituta. Neskak azaldu zuenez, ustezko erasotzailea bera bortxatzen saiatu zen, baina biktimak aurre egin zionean lepotik heldu zion, konortea galarazi arte. Neskaren aitak erantsi zuen biktima eta ustezko erasotzailea lagun talde berekoak zirela. Atxilotuak delitu aurrekariak dituela berretsi du Herrizaingo Sailak. Ertzaintzak sexu askatasunaren aurkako delitua egotzi dio.
Gizon bat atxilotua Santurtzin
Bestalde, bikotekide ohiari erasotzea egotzita, 32 urteko gizonezko bat atxilotu zuen asteartean Ertzaintzak Santurtzin (Bizkaia). Herrizaingo Sailak azaldu duenez, biktimaren etxean gertatu zen erasoa, emakumeak bikotekide ohiari bertatik alde egiteko eskatu ondoren. Une hartatik aurrera, jarrera oldarkorra hartu zuen gizonak: emakumea sofaren kontra bultzatu zuen, laguntzarik eska ez zezan ahoa estali zion, eta handik mugitzea eragotzi zion.
Gizonak arreta galdu zuen momentu bat baliatu, eta etxetik irten zen emakumea, laguntza eskatzeko. Hori saihestu nahian, emakumea atxikitzen saiatu zen, eta biktima eskaileretan behera erori zen; kolpea hartu zuen buruan. Oraindik ere gizonak ez zion utzi nahi andreari laguntza eska zezan, baina, azkenik, kalera ateratzea lortu zuen emakumeak. Biktima Gurutzetako ospitalera eraman zuten (Barakaldo, Bizkaia). Ustezko erasotzailea ordu batzuk geroago atxilotu zuen Ertzaintzak, genero indarkeriako delitu bat leporatuta.
Andoaingo neska gaztearen ustezko erasotzailea, zentro itxi batera
Bere burua entregatzera zihoala atzeman dute gizonezko adingabea; ustez, jo eta konorte gabe utzi zuen biktima
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu