Goizean deklaratu du Gregorio Olasagastik EAEko fiskal nagusi Juan Kalparsororen aurrean. "Lasai" dagoela esan du, berak ez duelako "inolako deliturik" egin. Bere deklarazioarekin fiskalak abiatutako ikerketa bertan behera gelditzea espero duela ere esan du.
Andoaingo alkatea aukeratzeko bozketan EAJko zinegotzi batek zuri bozkatu ostean, inbestidura saioa ikertuko zuela jakinarazi zuen Juan Kalparsoro Araba, Bizkai eta Gipuzkoako fiskal nagusiak.
EAJko zinegotzi gehienek Maider Lainez PSE-EEko alkategaiaren alde egin zuten, baina, Olasagastik zuri bozkatuta, EH Bilduko Ana Karrere aukeratu zuten alkate. Kalparsorok ikerketa abiatu zuen, argudiatuta "desitxuratu" egin zela talde politikoen borondatea. Eroskeria edo mehatxuak egon zitezkeela esan zuen.
Ikerketa horren testuinguruan, Olasagasti deklaratzera deitu du Kalparsorok. Udaleko idazkariari deklarazioa hartuz abiatu zuen ikerketa, joan den asteazkenean.
Jaurlaritzak eta PSE-EEk harridura adierazi zuten Kalparsorok inbestidura saioa ikertuko zuela jakinarazi zuelako. Olasagastik EAJren esku utzi zuen bere zinegotzi kargua.