Astelehenean gertatu zen erasoa, Etxerat-ek dioenez. Iturri horren arabera, Goikoetxea funtzionario baten aurretik pasatu zen erizaindegirantz, eta, atera iristear zegoela, funtzionarioa atzetik zuela ohartu zen. Bera zegoen lekura itzul zedila esan zion, txartela erakusteko; Goikoetxeak, baina, aurrera jarraitu zuen, eta, atean zela, funtzionarioak bi alditan bultzatu zuen.
Etxerat-ek azaldu duenez, atea irekitzean funtzionarioa atean jarri zen, Goikoetxeak aurrera jarraitu zuen "indarrez", eta biek oreka galdu zuten. "Une horretan, erizaindegian ziren bi funtzionario etorri ziren, eta Andoni lurrera bota zuten, baita immobilizatu ere", salatu du elkarteak. Buruan bi ostiko eta bizkarrean "beste pare bat" jaso zituela gaineratu du.
Kepa Arkauzek, berriz, "borrokaldia" hasi du Villepinte espetxean —Paris inguruan—, bakartze egoera salatzeko. Hilabeteak daramatza espetxean, beste euskal presorik gabe. Ekainaren 6tik, Iñaki Dominguez Villepinteko espetxetik Espainiara estraditatu zutenetik, ez dute beste euskal presorik eraman kartzela horretara.