Andoni Ortuzar EBBko presidenteak kezka agertu du gaur goizean bakegintzan azken asteetan gertatzen ari denarekin. Orain urtebete hartu zuen Ortuzarrek EAJren lema, eta horren inguruko balorazioa egiteko zuen agerraldian mintzatu da. Bereziki "azken asteetako" gertaerek kezkatzen dutela esan du.
Larunbateko manifestazioaz adierazi du "salbuespen erantzun bat" izan zela, "salbuespen egoera batek eraginda".
"Inflexio puntu" baten beharra azpimarratu du EAJko presidenteak, eta iraganari begiratzeari utzi behar zaiola. Sei hilabeteko epean prozesuak aurrerapen esanguratsuak izatea espero duela esan du, eta ragile denen parte hartzea behar dela ere azpimarratu du.
Legea betetzeko eskatu dio Rajoyri, "zentzuz eta gradualki", eta estatuaren beste botereei engaiatzeko ere eskatu die, "bereziki, judizialari". ETAri armagabetzea ere exijitu dio: "Bakea bateraezina delako armak gordetzearekin".
Urtebetez, EAJren lemazain
Bilboko Euskalduna jauregian eginiko biltzarrean eman zion alderdiaren aginte makila Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak Ortuzarri. Alderdiaren "batasuna eta indarra" defendatu zuen Ortuzarrek kargua hartu osteko hitzaldian: "Hori da gure sekretua. Gure batasuna gure indarra da, eta beharko dugu etorkizuneko erronkei aurre egiteko". Bakegintzaz jardun zuen, eta esan zuen bere esku dagoen "guztia" egingo duela etorkizun baketsua bermatzeko: "Gure bizitza Euskadi bakean irudikatzea izan da, eta, orain, egiteko garaia da".
Bizkai Buru Batzarreko presidente zen Ortuzar EBBko lehendakaritza hartu zuenean, eta kargu horretan ere aldaketak izatea eragin zuen Ortuzarren izendapenak. Itxaso Atutxa izendatu zuten BBBko presidente.