Gaur arte Euskaltzaindiko bi aulki zeuden hutsik, eta haiek betetzeko bi hautagaitza aurkeztu zituzten azaroaren 24ko bilkuran euskaltzainek. Andoni Sagarnaren hautagaitza MIkel Zalbide, Bernardo Atxaga eta Adolfo Arejitak aurkeztu zuten; Xarles Bidegainena Jean Haritxelharrek, Piarres Xarritonek eta Emile Larrek.
Donostian osoko bilkura egin du gaur Euskaltzaindiak, eta euskaltzain berriak aukeratzeko bozketak egin dituzte. Sagarnak gehiengo osoa eskuratu du, baina Bidegainek, ordea, ez. Ondorioz, Euskaltzaindiaren arauek hala eginduta, Sagarna soilik izendatu dute euskaltzain oso.
Andoni Sagarna (Donostia, 1947). Goi-mailako industri ingeniaria (1971, Nafarroako Unibertsitatean), elektrizitatea-elektronika espezialitatean. 1988an, Algunos aspectos de la modernización de léxico en diversas lenguas tesia aurkeztu zuen Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan. eta Letretan doktoretza eskuratu.
2004tik, aisia eta kulturako produktuen sorkuntzan dihardu, Elkar enpresa-taldeko I+G+b arloko zuzendaria delarik. Bestalde, Euskara Zientifikoa irakasgaiko irakasle da, Nafarroako Unibertsitatearen Ingeniaritza Industrialeko Goi-mailako Eskola Teknikoan.
2004tik hona, Eusko Ikaskuntzaren Hiznet Hizkuntza Plangintzako ikastaroan irakasle.
Euskaltzain urgazle, 1987tik. Euskaltzaindiaren barruan Hiztegi Batuko lan taldean dihardu azken urteotan. LEF (Lexiko Erizpideen Finkapena) batzordearen kide eta EEBS (Egungo Euskararen Bilketa Sistematikoa) batzordearen idazkari-arduradun izana, martxan zeudenean.
1972an, Elhuyar Kultur Elkarteko sortzaileetakoa izan zen. 1985tik 1994 arte, Elhuyar Kultur Elkarteko burua. 1981tik 1992ra, UZEIko Zuzendari Teknikoa izan zen. Zuzeneko esku hartzea izan zuen Fisika Hiztegian, Banka Hiztegian, kirol-arloko Kirolkidea hiztegian, Glotodidaktika Hiztegian. Ardura nagusia izan zuen Teknologia mekanikoa hiztegian.
1992-1999 bitartean entziklopediagintzako Eusenor enpresan Zuzendari Tekniko izan zen. Ondoko egitasmoetan zuzeneko partaidetza izan zuen: Hiztegi entziklopedikoan, Euskal Hiztegi Entziklopedikoa (8 tomo), Gazteen Entziklopedian, Entzikloklik CD-ROMean.
1999tik 2004ra bitartean, Plazagunea enpresan informatika-arloko proiektu arduradun izan zen. Besteak beste, Jalgi bilatzailean partehartze zuzena izan zuen.
1989tik 1993ra, EAEko Euskararen Aholku Batzordearen kide izan zen.
Soziologiaren hastapenak (1970), Teknologia elektrikoa (1982), Hizkuntza minorizatuen soziologia (lankidetzan, 1986) eta Euskara-irakaslearen eskuliburua (1989, lankidetzan) argitaratu ditu. Artikulu ugari ere idatziak ditu.
Kultura
Andoni Sagarna euskaltzain oso aukeratu dute
Xarles Bidegain ere euskaltzain osotarako hautagai zen, baina ez du gehiengo osorik eskuratu. Sagarna (Donostia, 1947) elektronikan ingeniaria da eta letretan doktorea. Euskara eta zientzia uztartzen hainbat lan egin du Elhuyharren, UZEIn, Eusenorren zein Elkarren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu