euskara

Andoni Sagarnak ordezkatuko du Sarasola Euskaltzaindiaren hiztegi lanetan

Sagarna euskaltzain oso eta Gipuzkoako ordezkaria izango da 'Euskaltzaindiaren Hiztegia. Adierak eta adibideak' egitasmoaren zuzendaria.

Andoni Sagarna. MARISOL RAMIREZ, ARP
2014ko otsailaren 7a
19:04
Entzun

Andoni Sagarna euskaltzain osoak (Donostia, 1947) zuzenduko du egitasmoa. Halaber, Miriam Urkia euskaltzain urgazle eta Hiztegi Batuko lantaldeko buruak (Donostia, 1965) lagunduko dio zeregin horretan, arduradun gisa, eta Jose Antonio Aduriz euskaltzain urgazle eta Hiztegi Batuko Lantaldeko kideak (Oiartzun, 1949) aholkulari lanetan jardungo du.

Horrela berretsi zuen Euskaltzaindiko osoko bilkurak urtarrilaren 31n, Bilbon. Ibon Sarasolak (Donostia, 1946), egitasmoaren aurreko zuzendariak, ez du berritu 2013. urtea bukatu arte Euskaltzaindiarekin izan duen kontratua.

Andoni Sagarna Industria ingeniaria eta Letretan doktorea da —1988. urtean Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan aurkeztu zuen tesia—. Nafarroako Unibertsitateko irakaslea izan da. Halaber, Elkar enpresa taldeko I+G+b arloko zuzendaria ere izan da. Euskaltzain oso izendatu zuten 2006ko abenduaren 22an. Euskaltzaindiko Iker sailburua izan da 2013. urtera arte. Lan ugari egin du lexikografiaren eremuan, eta, besteak beste, 2012. urtean argitaraturiko Euskaltzaindiaren Hiztegia ahalbidetu zuen Batzorde Ahaldunduko burua izana da. Euskaltzaindiko batzorde eta lantalde batzuetako kidea da. Euskaltzaindiaren Lexikoaren Behatokia deituriko egitasmoaren zuzendaria da, eta Euskararen Akademiaren Gipuzkoako ordezkaria ere bada.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.