Iruñeko Arrosadia auzoko bizilagunen arabera, astelehen arratsaldean izan zen erasoa. Salatu dute bi gizonek egin ziotela aurre emakumeari, eta batek bortxa handiz eraso egiten zion bitartean bestea saiatu zela andrearen umetxoa hartzen eta han inguruko etxe batera eramaten. Bizilagun zenbaitek gertatzen ari zenari erreparatu, eta erasoa geraraztea lortu zutela kontatu dute.
Arrosadia auzoko Felisa Munarriz plazan egin dute protesta, eta dozenaka lagun bildu dira bertan. Mugimendu feministak bat egin du deialdiarekin.
EH Bilduk ere ohar bat plazaratu du erasoa gaitzesteko. Horrelako gertaerak saihesteko "prebentzio" neurriak ezinbestekoak direla oroitarazi du, gizartea hezi egin behar delako gizon eta emakumeen arteko harremanak ulertzeko beste era batean. Gertaera lehenbailehen argitzeko eskatu du, eta egiten diren gaitzespen ekintzetan parte hartzeko deia egin dio gizarte osoari.