Igande arratsaldean atxilotu zuen gizonezko bat Ertzaintzak Durangon, genero indarkeriako delitu bat egitea egotzita. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, emakumeak lan egiten zuen etxebizitzara joan zen gizona, eta, barrura sartu ostean, irainka eta kolpeka hasi zitzaion. Aurpegian eta gorputzean ostikoak jo zizkion erasotzaileak. Biktimak ihes egitea lortu zuen, eta oihuka laguntza eske hastean, erasotzailea etxetik joan zen.
Emakumeak ertzainengana jo zuen, eta gertatutakoaren berri eman zien. Andreak ubeldurak zituela-eta, erietxera eraman zuten. Andreak jakinarazi zien ez zela lehen aldia eraso egiten ziona, baina ez zuela ordura arte salaketarik jarri. Bikotekideak aitortu egin zuen erasoa, eta atxilo hartu zuten. 27 urte ditu gizonak.
Gasteizen, berriz, Udaltzaingoak 31 urteko gizonezko bat atxilotu du, bikotekidea jotzea egotzita. Emakumeak harremana eten nahi zuela-eta, bere buruaz beste egitearekin mehatxu egin zion gizonak. Udaltzaingoak jakinarazi duenez, ez zen lehen aldia gizonak emakumea jo eta mehatxu egiten ziona.