Andre bati eraso egin dio gizon batek, autoarekin

Andrea eta alaba autoz zihoazela senar ohiak autoarekin atzetik jo eta bidetik ateratzen saiatu zela esan du Ertzaintzak

mikel p ansa
2012ko irailaren 11
00:00
Entzun
Emakume bat eta haren alaba autoz zihoazela, herenegun arratsaldean, ibilgailuari atzetik kolpe bat eman ziotela sentitu zuen andreak. Sollubetik Mungiarako bidean (Bizkaia) gertatu zen. Andrea laster ohartu zen senar ohia zela atzetik autoarekin iritsi, eta jo zituena. Mungiaraino jarraitu zuten horrela; gizonak behin baino gehiagotan autoa jo, eta bidetik botatzen ahalegindu zela azaldu du emakumeak. Mungian bistatik galdu zuen gizonaren autoa, eta ertzainengana jo zuen, salaketa jartzera; bidean topatu zituen Mungiako udaltzainak ere, eta haiekin joan zen ertzain etxera. Handik gutxira atxilotu zuten poliziek gizona, Laukizen. Amak antsietate krisi bat izan zuen, eta alabak min hartu zuen lepo aldean, baina osasun etxean artatu eta onik dira biak.

Ertzaintzak azaldu duenez, salaketa jaso orduko ikusi zuten emakumearen autoak kolpeak zituela atzeko partean. Ertzainek Laukizen atzeman zuten gizonezkoa, eta hantxe bertan atxilotu zuten genero indarkeria eta familia barruko indarkeria delituak egotzita. Atxilotutako gizonaren autoak, aurreko aldeko partean, kolpeak zituela ere ikusi zuten. Gizonak, bestalde, emazte ohiarengandik urruntzeko agindu bat indarrean zuela azaldu dute poliziek; genero indarkeriagatik aurrekariak dituela ere zehaztu dute. 44 urte ditu atxilotuak.

Bi sexu eraso jarraian, Irunen

Irunen, Gipuzkoan, ustez gizon berak egindako bi sexu eraso salatzeko elkarretaratzea egin zuten atzo iluntzean. Andre bat bortxatzen saiatu zen gizon bat joan den ostiral goizaldean. Beste emakume batek ikusi zuen zer gertatzen ari zen, eta erasotzailea ihesi bidaltzea lortu zuen. Ostiralean bertan atxilotu zuten poliziek, eta larunbat goizean epailearen aurrera eraman zuten, deklaratzera. Epaileak aske uztea erabaki zuen, epaiketa egin artean.

Larunbat eguerdi horretan bertan, lekukoen arabera, beste emakume bati sexu ukituak egin zizkion. Bere etxeko atarian babestea lortu zuen andreak. Ertzaintzak bigarren aldiz atxilotu zuen bigarren eraso horren ostean. Epailearen aurrean deklaratu eta gero, Martuteneko kartzelan sartu zuten, epaiketa egin bitarterako. 40 urte ditu gizonezkoak, eta hiru aldiz atxilotu izan dutela azaldu dute ertzainek.

Jose Antonio Santano Irungo alkatea kexu agertu da gizonezko hori larunbat goizean kalean utzi zuelako epaileak. Erabakia «errespetatu» egiten duela, baina ez datorrela bat adierazi du alkateak. Hala ere, herritarrei eskaera egin die, animoa ez galtzeko, eta horrelako eraso eta gertaerak salatzen jarraitzeko. Adibide gisa aurkeztu du ostiralean bortxaketa gertatzea oztopatu zuen andrazkoak egindakoa.

Eraso horiek eta emakumeen aurkako indarkeria gaitzesteko, elkarretaratzea egin zuten atzo iluntzean Irunen, Juan de la Cruz plazan. TAS Txingudi Anti Sexista koordinakundeak antolatu zuen protesta. «Erasoa eragotzi zuen emakumeak egin bezala, guk ere gure mespretxua erakutsi nahi diegu halako erasoei, eta emakumeon arteko elkartasuna txalotu nahi dugu, kontzientziazioaren eta jendartearen erantzunaren adibide positibo gisa», adierazi dute ohar bidez. Irunen emakumeen aurkako eraso «zenbaezinak» gertatu direla, eta horiekin behin betikoz bukatzera deitu dute.

Beste bi atxiloketa Bilbon

Bilbon, berriz, bi gazte atxilotu zituzten udaltzainek, sexu erasoa eta lapurreta egitea leporatuta. Gazteak dira atxilotuak: 19 eta 16 urte dituzte. Herenegun goizaldean, laurak aldean, Arbolantxa kalean gertatu zen erasoa, Bilboko udaltzainen esanetan. Bi mutilak 20 urteko neska batengana hurreratu ziren. Eskuko telefonoa lapurtu eta sexu ukituak egin zizkiotela azaldu dute udaltzainek, eta haiek atxilotu zituzten ustezko bi erasotzaileak. Gazteena, 16 urtekoa, adingabeentzako zentro batean sartu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.