Andre bati sexu erasoa egiten saiatzea egotzi eta gizon bat atxilotu dute

Beste bi gizon atzeman dituzte, Bilbon eta Iruñean, emakumeen aurkako indarkeria delituak leporatuta

Erredakzioa
Bilbo
2012ko apirilaren 28a
00:00
Entzun
Ertzaintzak gizon bat atzeman du Durangon (Bizkaia), ustez andre bati sexu erasoa egiten saiatzeagatik. Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak jakianarazi duenez, herenegun gauean izan zen erasoa, aspalditik utzia zegoen lantegi batean. Andrea han zegoen lotan, eta ustez orduan gertatu zen erasoa. Ertzaintzaren arabera, lagun eta senideek biktimaren oihuak entzun zituzten, eta hara bertaratu ziren. Ustezko erasotzaileak aurre egin, eta arma batekin mehatxu egin zien. Ertzaintzari deitu zioten, eta hara bertaratu eta atxilotu egin zuten.

Bilbon, berriz, atzo goizaldean, 34 urteko gizon bat atzeman zuten, andre bati sexu abusua egiten saiatzeagatik. Bilbo erdialdeko etxebizitza batean izan zen erasoa. Emakumeak ihes egitea lortu zuen, eta komunean ezkutatu zen. Handik deitu zien ertzainei. Gizona etxean bertan atzeman zuten.

Iruñeko Udaltzaingoak jakinarazi du, bestalde, asteartean 30 urteko gizon bat atxilotu zutela, urruntze agindua apurtu eta emakume bati tratu txarrak ematea leporatuta. Bizilagun batek eman zien abisua udaltzainei. Azaldu zienez, emakume bat laguntza eske ari zen. Hara bertaratu zirenean, emakumea kalean zegoen, eta gertatutakoa kontatu zien. Etxera sartu, eta gizona lotan topatu zuten. Ustezko erasotzaileak ukatu egin zuen emakumeari eraso egin izana.

Fiskalak, berriz, bederatzi urteko espetxe zigorra eskatu du gizon batentzat, labanarekin emaztea hiltzen saiatzea egotzita.Errenterian (Gipuzkoa) izan zen erasoa, 2010eko urriaren 26an. Fiskalak aurkeztutako txostenaren arabera, bikoteak eztabaida izan zuen. Gizonak labana hartu, eta ustez eraso egin zion.

Ertzaintza hara bertaratu, eta andreak lepoan zauri bat zuela ikusi zuten. Ustezko erasotzailea atxilotzen saiatu ziren, baina oldartu egin zitzaien. Azkenean atzeman egin zuten. Emakumea erietxera eraman zuten, eta 21 egun behar izan zituen erabat osatzeko. 18.538 euroko kalte-ordaina ere eskatu du fiskalak biktimarentzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.