Andre Maria Zuriaren plaza itxiko dute abuztuaren 4an, «jendea ez pilatzeko»

Gaur hartu du erabakia koordinazio batzordeak Gasteizko udaletxean. Aurtengo jaiak bertan behera geratu dira, eta egun horiek «pilaketarik eta istilurik gabe» pasatzeko eskatu du Urtaran alkateak.

Andre Mari Zuriaren jaiak Gasteizen, iaz. Zeledonen jaitsiera. EBDIKA PORTILLO / EFE
Edu Lartzanguren.
2020ko uztailaren 27a
15:56
Entzun

Ez da jairik egongo, baina Gasteizko agintariak ez dira fio. Abuztuaren 4an egiten da Gasteizen Andre Maria Zuriaren jaiak hasteko ekitaldia, izen bereko plazan. Ekitaldi jendetsua izaten da, oso. Aurten ez da ospakizunik egingo, baina herritarrek plazan biltzeko eduki dezaketen tentazioari aurre egiteko, Polizia talde handi bat zabalduko dute, eta lekua itxi egingo dute 16:30etik 19:00etara.

Gasteizko udaltzainak eta ertzainak arituko dira lan horretan. «Herritarrei behin eta berriz esan bazaie ere ez joetako inguru horretara, galarazi behar dira koronabirusa zabaltzen lagundu dezaketen pilaketak», adierazi du Gasteizko Udalak agiri batean.

Abuztuaren 4ko 18:00etan, Zeledonen jaitsiera ospatzen ohi da plazan. San Migel elizako kanpandorretik jaisten da Zalduondoko (Araba) parrandazalea irudikatzen duen panpina. Gero, benetako pertsona batek egiten du Zeledonena, eta jaiak ospatzera deitzen du plazan biltzen ohi den jendetza.

Koordinazio batzordea bildu da gaur udaletxean. Han egon dira, besteak beste, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuorde Josu Zubiaga, eta Gorka Urtaran alkatea. Urtaranek adierazi duenez, polizia gehiago egongo da hirian abuztuaren 4tik 9ra, eta herritarrei eskatu die
«pilaketarik eta istilurik gabe» pasatzeko egun horiek.

Zubiagak gaineratu duenez, Ertzaintzak eta Udaltzaingoak patruila gehiago egingo dituzte kalean, «beharraren arabera».

Plaza ixteaz gain, inguruetako tabernetako terrazak ere hertsiko dituzte egun horretan. Neurriak «ostalariekin lankidetzan» erabakitzen ari direla gaineratu dute udaleko ordezkariek. Edonola ere, egun horretarako inguruko taberna eta jatetxeetan erreserbak eginak dituztenek «lasaitasun osoz» jan ahalko dute horietan. Edonola ere, jatetxetik atera ondoren, itxitako eremutik alde egin beharko dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.