Andreak «andre izateagatik» hiltzea salatu dute

Senpereko ustezko hilketaren aurka kalera atera dira ehunka lagun; genero indarkeria amaitzeko eskatu dute

Senperen protesta egin zuten atzo, ustezko hilketa salatzeko. BOB EDME.
Erredakzioa
Baiona
2012ko uztailaren 5a
00:00
Entzun
Emakumeen aurkako indarkeriaren aurka dozenaka herritako plazak bete zituzten atzo ere Euskal Herrian. Binta Keita andrearen ustezko hilketa salatu zuten; ostiralean aurkitu zuten haren hilotza, etxean, Senperen (Lapurdin). Poliziak uste du bikotekideak hil zuela tiroz; bere buruaz beste egin zuen gero gizonak. Keita «andre izateagatik» hil dutela salatu zuten atzoko ekitaldietan, eta indarkeria amaitzea galdegin.

Senperen bertan egin zuten elkarretaratze bat, Bortizkeria Sexisten Aurkako Kolektibo Feministak deituta. Bat egin zuen Altxa Neskatxa taldeak ere; Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako hainbat neskak osatu berri dute elkarte hori. Herritarrei soilik ez, hautsiei ere eskatu zieten parte hartzeko protestan.

Genero indarkeria gizarte osoaren arazoa dela ohartarazi dute, eta kontuak eskatu dizkiete Frantziako erakundeei, gaur-gaurkoz andreen aurkako indarkeria legezko zigorrik gabe baitago herrialdean: eskubideak urratzen zituelakoan, legea bertan behera utzi zuen konstituzio batzordeak. Hartara, parlamentariei dei egin zieten atzoko protestan, ahalik eta azkarren beste lege bat egin dezaten, egoera bideratze aldera.

Hego Euskal Herrian ere egin zituzten elkarretaratzeak, Emakumeen Mundu Martxako plataformak antolatuta. Andreen aurkako indarkeria haien «mendekotasuna betikotzeko kontrol mekanismoa» dela ohartarazi zuten, eta aurre egitera dei egin zuten.

Aurtengo bosgarren hildakoa

Poliziaren susmoak berrestekotan, Keita genero indarkeriagatik aurten Euskal Herrian hildako bosgarren andrea da; 42 urte zituen. Aurrez hil zituzten Caridad Angeles Rodriguez Arrieta (Tolosan; 38 urte), Gabriela Arosemena (Durangon; 22 urte) eta Mirella Sierra (Bilbon, 42 urte). Gainera, gizonezko bat hil zuten ekainaren 2an Bilbon, genero indarkeriari lotuta; ustez, bikotekide zuen emakumearen senar ohiak hil zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.